Julio Medemek bere lehen eleberria argitaratuko du
Zinemarako gidoi bat zen, baina azkenean eleberri bateko orri bihurtu da. Aspasia, amante de Atenas izena du Julio Medem zinemagile donostiarraren proiektu berriak; bere lehen liburua izango da.”Beti izan dut idazteko beharra, baina bizitzak beste bide batzuetatik eraman nau”, aitortu du Medemek.
Orain, historiak ahaztutako emakume baten bizitza berreskuratzeko momentu egokia bilatu duela adierazi du. Peloponesoko eta Mediako gerra urteetan girotuta dago eleberria. Aspasia emakume bakarra zen gizonen munduan. “Prostituta zen, baina garai hartan, Grezia klasikoan, libre izateko modu bakarra zen. Guztiak liluratu zituen bere buruargitasuna erabiltzen zekielako. Perikles-ekin ezkondu zen”. Istorioa idazteko Los Angelesen (Kalifornia, AEB) duen etxean egon zen urtebetez. Duela zazpi urte hasi zen proiektu honetan lanean. Bere hurrengo filma izango den proiektua ere prestatzen ari da bertan: Moving the Arts. Medemen zortzigarren filma izango da.