Obabako testiguak, Añorgako irakurleen klub berria
Irakurleen kluba sortu dute Añorgan. Obabako testiguak izena du ekimen berriak, eta literatur zaleak erakarri nahi ditu. Hilero liburu bat proposatuko dute, eta hilaren bukaeran, elkartu eta mahai-ingurua egingo dute. Hiru hilabeteko zikloak izango dira: lehenengoan, literatura unibertsala landuko dute; bigarrenean, saiakera eta poesia; eta hirugarrenean, euskal literatura. Zikloa ixteko, klubak hautatutako euskal idazle bat joango da mahai-ingurura. Hautatutako liburua ez duenak, klubak maileguan utziko dio. Franz Kafkaren Metamorfosia obraren inguruan egingo dute lehen literatur emanaldia. Añorgako Jolas Etxean geratuko dira, 19:00etan. Blog berria Añorgan bertan beste ekimen berri bat jarri dute abian: Añorga Kultura. Añorga KKEko kultura sailak antolatu du, eta bloga ireki dute. Blogean emango dute haien jardueren eta hainbat albisteren berri.