Santiago Niño Becerrak hitzaldia emango du bihar Donostian
Santiago Niño Becerrak (1951, Bartzelona) sona handia lortu du ekonomia eta krisiaren inguruan idatzitako artikulu eta liburuengatik. Ekonomia egituraren katedraduna da Bartzelonako Ramon Llull unibertsitatean, eta bere libururik ezagunenak: Mas alla del crash, Apuntes para una crisis eta El crash del 2010. Bihar arratsaldean Amara Plaza hotelean izango da.
Gaur egungo krisiaren aurrekariak, dimentsio eta perspektibak aztertuko ditu hitzaldian. Galderak jarriko ditu mahai-gainean: non gaude orain, nola heldu gara hona, noiz arte iraungo duen krisiak… Niño Becerraren ustez krisiak luze joko du; 2020. urtea arte. Gastu publikoaren azterketa zorrotza egin behar dela dio. Eta zerga iruzurraren kontra borroka latza egin behar dela; iruzur poltsa handiak daudelako mundu osoan.
Ikusle kopurua mugatua da. Jada 240 pertsonatik gora eman dute izena. Interesa izanez gero Ekonomisten Euskal Elkargora jo behar da, haiek antolatu baitute hitzaldia, Alce Fundazioaren babesarekin.



