Udal gobernuak herritarrei aurkeztuko die larunbatean 2012ko aurrekontu proiektua
Larunbatean, udal gobernuak herritarrei aurkeztuko die 2012ko aurrekontu proiektua Udalbatza aretoan. 10:00etan izango da, eta udal gobernuko kide guztiek hartuko dute parte. «Aurrekontu proiektua osoko ikuspegitik, orokorki, aurkeztearekin batera, zinegotzi bakoitzak bere ardurapeko sailen aurrekontuen gaineko zehaztasunak ere aurkeztuko ditu», azaldu dute.
Bi orduko iraupena izango du aurkezpenak, eta donostiar guztiei irekita dago. «Herritarren parte hartze politikarekin bat, eta informazio eta gardentasuna aintzat hartuta, udal gobernuak osatu duen aurrekontu proiektua donostiarrei aurkeztu nahi zaie. Bertan, udal gobernuaren lehentasun politikoak eta apustuak non aurkitzen diren nabarmenduko da», erantsi dute.