Txakurrak Aiete, Miramar eta Egiako parkeetan sartu ahal izango dira
Udal araudia aldatzeko bat egin dute oposizioko udal taldeek; Bildu abstenitu egin da
Txakurrak askatasun handiagoz hiriko parke eta lorategietan ibil daitezen, udal araudia aldatzea adostu dute oposizioko hiru udal taldeek. Herenegun osoko bilkura aurretik egin ziren batzordeetan hartutako neurria da. Bildu bozketan abstenitu egin bazen ere, oposizioko alderdiek erabakitakoa bete beharko duela adierazi du Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak.
Orain arte debekatuta zuten hainbat parketan lotuta sartu ahal izango dira txakurrak. Aiete, Miramar eta Egiako parkeetara eta Urgullera, hain justu. Miramon, Lauhaizeta, Otxoki, Ametzagaina eta Uliako parkeetara sartzea ere libre izango dute, 19:00etatik 11:00etara. Puio, Amaiur, Zorroaga, Frantzia pasealekua eta beste hainbat berdeguneetako ordutegia 20:00etatik 10:00ak bitartekoa izango da.
Araudia aldatzeko bizpahiru hilabete beharko dituzte. Ondoren, parke bakoitzean hartu beharreko neurrien inguruko seinaleak jarri beharko dituzte.

