Argi-ilunez beteriko bizitza bati jarritako bertso eta olerkiak
Gertakari lazgarriek arrastoa utzi zuten Indalezio Bizkarrondoren bizitzan, haurtzarotik heriotzara arte. Hala ere, patuaren kolpeen gainetik, bere umore finak, liberalismoarekiko konpromisoak eta maitasunaren gazi-gozoez idazteko sentikortasunak Euskal Literaturaren ahots erromantiko sinesgarriena bihurtu zuten Bilintx. Datorren uztailaren 22an, 150 urte beteko dira hil zenetik.
Bilintxen hilobia, Polloeko hilerrian. Irutxuloko Hitza Zoritxarrak behin baino gehiagotan kolpatu zuen Indalezio Bizkarrondo Bilintx (Donostia, 1831-1876), haurtzaroan hasi eta bere heriotzaraino. Patuaren ankerkeriak, ordea, ez zuen bere luma pozoitu, are gehiago, olerkari erromantiko handi bihurtu zen donostiarra. Antonio Zabalak Indalecio Bizcarrondo Bilintx (1831-1876). Bizitza eta bertsoak liburu mardula idatzi zuen, agiriak aztertu eta protagonistaren oinordekoekin hitz eginda; eta handik hartu dira datozen lerroetan ageri diren datu asko.
1831ko apirilaren 30ean jaio zen Donostian, familia umil batean. Joakin Bizkarrondo aitaren aldetik, Tolosa eta Berastegin zuen jatorria; Joakina Santos amaren aldetik, berriz, Dionisio Ureña aitona Ayamontekoa zen (Huelva, Andaluzia, Espainia). Hura ez zen maitasun kontuetan oso zori onekoa izan, bi aldiz alargundu baitzen, hirutan ezkonduta donostiar batekin. Azkena, Maria Josefa Alana izan zen, Bilintxen amona.
Bost seme-alabetan gazteena izan zen Gillermo Joakin Indalezio. Hiru izen aukeran eta azkenaren alde egin zuen. Izengoitia nondik datorkion ez da jakina; baina baten faltan bi zituen. Haurra zela eroriko bat izan zuen, hirugarren solairutik edo eskaileretatik amilduta, eta aurpegia desitxuratu zitzaion, okertuta. Hortik, bere bigarren goitizena: Moko.
Jakina denez, hori ez zen zoria alde izan ez zuen bizitzako pasarte lazgarri bakarra. Festa batzuetan, sokamuturrean, zezen batek harrapatu eta herren utzi zuen; egunkariak saltzeko postu bat izan zuen eta hango 8.000 erreal lapurtu zizkioten etxean zuen komoda bateko tiraderatik, urtetako lanaren ordainsaria eta egunkariko harpidetzen ordainketarako dirua. Eta, nola ez, 46 urterekin heriotza eragingo ziona.
San Sebastian egunean, traje berria janzten ari zela, bonbardaketen berri ematen zuen kanpaia entzun zen. Emazteak eta seme-alabek sotoetara jaisteko aukera izan zuten; Bilintxek, ordea, ez. Galtzak janzten ari zela, Arratzaingo bateria karlistatik botatako bonba batek pareko etxea jo eta, errebotez, bere leihotik sartu zen. Hankak larri zauritu zizkion: eskuinekoa egunean bertan moztu zioten, ezkerrekoak, aldiz, oinaze latza eragin zion ia sei hilabetez. Hura ere ebaki ziotenerako, berandu zen: gangrenak hil zuen. 1876ko uztailaren 22ko goizaldean hil zen, hain justu, euskal foruak baliogabetu zituzten egunaren biharamunean.
Granadak San Sebastian egunean jo bazuen ere, 1876ko uztailaren 22an hil zen, euskal foruen baliogabetzearen biharamunean
Aroztegitik Antzoki Zaharrera
Bere bertsoetan oinarrituta, maitasun kontuetan ere zorterik ez zuela dirudi. «Ia mutilzahartuta ezkondu zen, eta hori neskatxek aintzat hartzen ez zutelako izan zela esan ohi da beti». Zabala ez dator bat, ordea; akaso, «nekez konformatzen» direnetakoa zela dio. Dena dela, 1869ko apirilaren 5ean ezkondu zen, Santa Maria elizan, Nikolasa Erkizia Makazaga azpeitiarrarekin. 38 urte zituen senargaiak; emaztegaiak, aldiz, 22. Ezkonbidaian Baionara (Lapurdi) joan ziren, Bilintxek egindako «ibilaldirik handienetakoa», bere bertsoetan eta bizitzan «herri izen gutxi» agertzen baitira. Hiru seme-alaba izan zituzten: Benito, Pio Frantzisko eta Maria Ana Hilaria.
Bilintxen itxurari buruz asko hitz egin da, baina Zabalak jaso zuenez, argazkirik ez da, eta marrazkiak hil ondoren eginak dira; beraz, ezin jakin. Gainera, bilobek amonari entzunda zioten irudi horiek antzarik ez zuela hezur-haragizkoarekin.
Ogibidez arotza zen, Atotxa pasealekuan zegoen aroztegi batean. Bertan, Domingo Kanpaña eta Erramun Moko zituen lantegiko lagun Lehena, ezagun egin zuen mando gainean zihoala bota zizkion bertsoekin; bigarrena, berriz, komoda bat txarolatzen ari zirela egindako hitz jokoarekin: «—Aizu, Indalezio, zer da hori? —Hau? Komoda eta hori Moko da».
Antzoki Zaharreko atezaina ere izan zen 11 urtez, horregatik zuen bertan bizitokia. Emazteak laguntzen zion, eta, horrez gain, edariak eta egunkariak saltzen zituzten. Gerora, estanko bat izan zuen, Kale Nagusia eta Enbeltran kaleen arteko kantoian. Zabalak baieztatu moduan: «Ezin esango dugu senar-emazte saiatuak ez zirenik».
Hiztegian salbatuak
Maiz esan da Bizkarrondo ikasi gabea zela, baina irakurtzen eta idazten bazekien, baita euskaraz eta gaztelaniaz ere. Pepe Artolaren hitzetan, «Jaungoikoak mundu honetan gizon bakoitzari dohain bana bidali dio, honi eman zion bertso eta puntu sortzekoa, zen guztiz bikaina. Berez pobrea zelarik, zuen hizketan aberastasunezko buru edo zentzua». Era berean, Zabalaren esanetan, bere idazkeran nabari da idazteko nahikoa ohitura zuela eta, irakurle zalea izanik, horrek bere burua jantzi zuen.
Ezagutzen zaion bertso sail zaharrena Galop infernal izenekoa da, 1852koa, inauteri batzuetan jarriak. Data ezaguna dutenetan hurrengoa Kontzezirentzat deritzona da, 1857koa. Bilintxen lana aztertu zuen Juan Mari Lekuonaren ustez, plazetan ez zen asko ibili, hein batean, bere itxura eta izaera lotsatiagatik. Hortaz, bertso paperen alde egin zuen. Hala, funtsezko lotura bat irudikatu zuen Lekuonak: «Bertsolaritza herrikoiaren neurria eta musikaltasuna hartu, eta olerkari literarioen zainketa estetikoa eta gogoeta ezartzen dizkie».
Granadak jo zuen urtarrilaren 20 beltz hartan, Diario de San Sebastian periodikoan agertu zen Nik au pentsatu nuben hasten den bertsoa. Ez zuen gehiago idatzi. Are gehiago, minak eragindako eroaldi modukoetan, erre egin zituen bere bertso paperetako asko; beste zenbait Larramendiren hiztegi baten barruan zeudelako salbatu ziren. Bertso asko galdu ziren, gordetakoak baino gehiago.
Madrilgo La Correspondencia de España egunkariko berri emaile izan zen, eta bera hiltzean, egunkariaren jabe zen Manuel Maria de Santana prest agertu zen bertso guztiak liburu batean argitaratzeko gastuak ordaintzeko. Asmoak lur jo zuen eta Jose Manterolak liburu batean egin ezin izan zuena Euskal Erria aldizkarian egin zuen, bertsoetako asko argitaratuta. 1911n, Euskal Esnalea elkarteak bildu zituen liburu batean.
Erromantizismoaren ahotsa
Olerkari handia izan zen eta idatzita utzitako lanetan, Bilintxen izaera gordeta dago. Bizitza zuen inspirazio iturri eta amodioaren gazi-gozoak jaso zituen. Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak hala deskribatu zuen bere bertsogintza: «Bere barrengo sentimenduak bertso bihurtzen zituen. Ez zuen modu hoberik aurkitu maitasuna agertzeko». Koldo Mitxelena linguistak ere horixe nabarmendu zuen, «Euskal Literaturaren ahots benetan erromantikoena» zela, Europako erromantizismoren moldeak era artifizialean imitatzen zituzten beste egile batzuekin alderatuta, «bizia eta sinesgarria» zela, «bere sufrimendutik eta maitasun porrotetatik jaiotakoa». «Poetek oso barneko aitorpen orotatik ihes egiten dute lotsatuta, umiliagarria eta penagarria dela irizten baitute; Bizkarrondok, ordea, literatura molde hori darabil».
Garaiko gizarteaz ere idatzi zuen. Xenpelarrek landa mundu tradizionala irudikatzen bazuen, Bilintxek burgesia eta hiri ingurua, liberal eta jai girokoa. Bi Karlistaldien artean bizi izan zen, eta bigarrenak bete-betean harrapatu zuen. Liberala zen eta Donostiako liberal boluntarioen batailoiko laugarren konpainian sartu zen. «Herriaren saminaz zipriztindutako konposizioek duten garra dute», Mitxelenaren arabera, Bilintxen olerki politikoek. Poesia sozial horren adibide dira Pobriaren suertia eta Penetan daramazkit.
Bere sentimenduak bertso bihurtzen zituen, eta Koldo Mitxelenaren hitzetan, «Euskal Literaturaren ahots benetan erromantikoena» izan zen
Sentimendu «delikatu eta bizien» maisua izan bazen, baita satira umoretsuarena ere. Zabalak «bere umorea eta ironia fina» aipatzen ditu, baita bere buruaz barre egiteko gai zela ere, eta horrek «humanoa eta maitatua» egiten zuela. Zirikatzearen eta xaxatzearen zale, behin, mozkor batek esan omen zion, «agur, Bilintx!», eta Bilintxek erantzun, «agur, Balantx!». Hortik hartu zuen Bilintxi Balantxa izena Donostiako Bertso Elkarteak. Edo beste hau: Gros familiak zuen hiri garbiketaren ardura eta horretarako baliatzen zuten zaldiaren itxura errukigarriak, dena azal eta hezur, Zaldi zuriyarena inspiratu zion.
Ondare hilezkorra
San Bartolomeko hilerri zaharrera eraman zuten hil ondoren –urte batzuetara, Polloera lekualdatu zuten eta han du hilobia—. Bertan, gorazarre egin zioten bai herritarrek bai orduko agintariek ere. Hurrengo egunetan, elkartasun sare bat osatu zuten herritarrek, Bilintxek utzitako familia laguntzeko. Hala, hiriko zenbait antzokitan antzerki saioak egin zituzten, dirua biltzeko.
1884ko otsailaren 6an, Victoriano Iraola zinegotziak mozio bat aurkeztu zuen Kale Nagusia eta Lasala plazatxoa batzen dituen kaleari Bilintx izena jartzeko. Onartu egin zuten, eta ordutik, izen hori du. Antzoki Zaharraren albo bat hartzen du eta hiriko laburrenetakoa da.
Jaiotzaren 175. urteurrenean bere lanen hautaketa bat argitaratu zuen Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hamabost bertso Mattin komikilariaren ilustrazio banarekin, hiriak emandako bertsolari ospetsuena gogoratu eta haren lana zabaltzeko. Hamabost urte geroago, Bilintxen Menda hamabostaldia aurrera eraman zuten. Bere amodio bertso ezagun batetik hartu zuten izena: «Askok diote kantetan beti amore-kontu naizela. Nik esaten det arriturikan beti orrela daudela: Zer egin biat baldiñ zerubak doatu banau onela. Ez dute ikusten usaya mendak bere jatorrez dubela? Nere biotzak amoriua mendak usaya bezela».
Mende eta erdi da hil zenetik, baina bere lumatik jaiotako bertsoak hilezkorrak dira. Horixe aurreratuta, hala kantatu omen zuen behin Pedro Mari Otañok, Bilintxen semea aurrean zuela: «Zu Bilintxen semea zera nerekiko, ez bazidaten esan ez nuen igarriko; gu haren aurrean gaude beti belauniko, hemendik joan zan baina ezta behin ere hilko».
BILINTXI BALANTXA DONOSTIAKO BERTSO ELKARTEAK BILINTXI ESKAINITAKO BERTSOA
Mende eta erdi bat
bidaiatuz saltoz
Antzoki Zaharraren
barnera gatoz.
Triste bizi zinez zu,
baina bertsoak poz
bat eragiten zizun
sortu arren malkoz…
Donostia arrotz
hontan dena da hotz,
baina hitzak jasoz
dabil zenbait ahots;
zuk hasi zenuena
jarraitu asmoz!
Bilintxi Balantxa elkarteko Aiert Ordoñez, Peru Aiartza, Andoitz Urdapilleta eta Manex Mujika bertsolariek Bilintx kalean kantatu dute bertsoa:



