Bilintxen izenak
Sua zetorrek Arratzaindik, Indalezio. Arratsalde gorri bat, eskutan lehertuko zaigun granada bat. Eta horixe utziko diagu: memoria deitzen dioten zera aldrebes hori. Zerbait bahekien hik ere. Apenas gorde huen hire bertsorik. Akaso ez hituen denboran irauteko bestekotzat joko. Eta paper baten euskarri fisikorik ezean, eztarriz eta belarriz gogoratu haugu hamarkadotan. Eta badakik ahotik ahorako bidean zer gertatzen den: «karro bat kraka» zena «karro bat kaka» bilakatzen duk; edo «sekulan izateko desiorik gabe» zena «sekulan izateko esperantzik gabe» kantatuko diagu. Norberak bere ahotsa jartzen ziok iraganari eta, batzuetan, baita norbere hitzak ere.
Itsusia omen hintzen, Indalezio. Ezagutu ez hindutenek ere bazekitek hori. Itsusiarena. Baina, egiaz, formarik gabeko izen bat haiz. Ez argazki eta ez erretratu, ez diguk ezer utzi. Bertso mordoxka bat, besterik ez. Eta halaxe, hire bertsoak ere ustezko itsusitasun horren galbahetik pasa ditiztek mende eta erdiz. Itsusia hintzenez, triste bizi omen hintzen. Amorez eritua. Hortxe, obra oso bat, izenondo batera errenditua. Emaztea eta hiru seme-alaba utzi hituen. Haiei jarritako bertsorik ez diat ezagutzen. Itsusiak, akaso, ez ziek maite dutenei kantatuko. Itsusia maitatzerik ez dagoela uste duen munduan bizi gaituk oraindik nonbait.
«Beti aritzen hintzela hitzak bihurritzen, sukaldeko trapu bustien gisa, hik nahi huena esan zezaten»
Langilea hintzen, Bizkarrondo. Kalea ezagutzen huen, eta baita kalekoak ere. Gros familiak morroi bat jarri omen zian kalea garbitzen. Zaldi batek tiraka zeraman karro batera biltzen zian zaborra. Gosez akabatzear zegoen zaldi ihar bat huen nonbait. Eta hik bertsoak jarri: «Lana sobra du baña janariya falta,/ urrikigarriya da dakarren planta; / gaxuak ez lezake luzaro aguanta, / flakiyarekiñ eziñ mugitu du anka; / pentsu gutxi jan ta / kalian jiraka, / gaizki bizi da ta / indarrik ez daka; / eziñ karriatu du karro bat kraka». Eta, batzuetan, zalantza egiten diat, zaldiaz beharrean, ez ote haizen beste norbaiti buruz ari. Sukaldeko trapu busti bat duk memoria, Bizkarrondo.
Zatarra omen hintzen, Ureña. Ayamontekoa huen amaren aita, andaluziarra. Euskarak ez omen dik ezertarako balio, hala esaten ditek garai hauetan. Selektibitateko nota jaisteko eta langile prestuenak oposizioetatik kanpo uzteko. Baina hire etxean, baten batek sentitu zian ikasteko premia. Zatarra izanik, ederzalea hintzela esaten ditek. Eta edertasuna hizkuntzan ere bilatzen huela esango nikek nik. Beti aritzen hintzela hitzak bihurritzen, sukaldeko trapu bustien gisan, hik nahi huena esan zezaten. Sormenaren sukarrean, esaldi osoak bertso bakarraren soineko estura bihurritu nahian: «Zintzur ona zubela klaro siñaliak / eman zituen apaiz barbantzu zaliak; / dozenaka tragatzen zituen aliak, / maskatu ere gabe tripazai jaliak, / alako aixa nola antxua baliak». Ez zegok gauzak sinple esatea baino langintza konplikatuagorik.
Ahots ahulekoa omen hintzen, Ureña. Halaxe diat entzuna. Mikrofonorik gabeko garai haietan, oilar borroka bat omen huen bertsolaritza. Sagardotegi ertzen batean nor noren ahotsari gailenduko. Hi ez haut deman irudikatzen; aldamenetik begira irudikatzen haut; denak isildu arte kantuan hasten ez den bertsolari bat, ahotsa gehiegi altxatu gabe. Auskalo, denok gogoratzen diagu gogoratu nahi dugun hori.
«Bakoitzak bihurritzen haugu gure usteen arabera, Moko. Guk esan nahiko genukeena jartzen diagu hire ahotan»
Hiri esker ezagutu genian Hondarribiko Joxepa izeneko bertsolari hura. Bertsolari gizonen talde bat joan da nonbait hari desafioka, eta ederki umilduta bidali ditu etxera, baita hi ere. «Ni bertsolariya naiz, bañon det aditu / ez nitzaizula zuri ala iruritu; / zuk orla pentsatzia ez da zer arritu: / nere jakinduririk ez nuben argitu, / zergatikan ez nitzan premiyan arkitu». Joxepak kantatutako bertsoa silueta hutsa duk hire bertsoan. Ahots ahula huen, baina hitzak behintzat, inork ez dizkik ezabatu, Ureña. Joxeparen hitzak hireen itzaletan bizitzera behartu zitiztean. Garaiaren seme hi ere.
Bakoitzak bihurritzen haugu gure usteen arabera, Moko. Guk esan nahiko genukeena jartzen diagu hire ahotan. Martuteneko Agustindarren eraikin zaharrean irudikatu haut, ertzainen eta udaltzainen lerroaren atzean jarrita, aterperik gabe geratu direnen patua madarikatuz. «Beste alibiyorik pobriak ez daka: / negarrez jaio eta bizi arrastaka, / galtzarbian kolkuan nun-nai arraskaka, / erropetan koipia, zikiña ta kraka. (…)/ zakurrak ere asten zaiozka zaunkaka, / aberiak tiratzen diyote pullanka; / danak, kristau ta abere, guziyak txandaka / gizarajua dute ibiltzen burlaka; / batek obe luke izan pobre bañon kaka». Edo Elizak kaian etxegabetu nahi duen gaztearen aldamenean ere imajinatu haut, «apaiz batek jan zuen nire potajia» aldarrika. Maiatzaren Lehenean bataiatua omen haiz. Manifestazioan ere irudikatzen haut. Ez zakiat bandera gorria, ikurrina edo zer hartuko hukeen eskutan. Gu beti elkarri mokoka.
Eguna gorritzen ari duk Arratzainen, Bilintx. Trapua tantaka zeukaat oraindik eskuetan. Goraintziak eman Udarregiri eta Xenpelarri gure partez.


