Behin batian Donostiako Loiolan
«Behin batian Loiolan, erromeria zan, hantxen ikusi nuen, neskatxa bat plazan…». Barrutik kantatu gabe irakurtzeko gai izan al zara? Loiolak duen kanturik ezagunena da, zalantzarik gabe; eta askotan eztabaidatu edo argitu behar izan dudan arren, nire auzoa da abestikoa, Donostiako Loiola, ez Azpeitikoa.
Indalezio Bizkarrondo Ureñak idatzi zituen bertso haiek, Bilintx ezizena zuen Parte Zaharreko bertsolariak. Egan taldekoei ez diegu ukatuko hitz horiek ezagun egin izanaren meritua (John Denver musikariaren doinuarekin). Baina horra hor askok bi Loiolak nahastearen arrazoia, Azpeitiko abeslari Xabier Saldiasekin lotuz kantua.
Edonola, badakigu erromeria ezagun haietan gure Mokok ez zuela arrakastarik izan; eta «loriak udan ihintza bezala» beste dama gazte bat maite izan zuela, baina ordukoan ere sufrimendua baino ez zuela izan; horrela, «triste bizi naiz eta hilko banintz hobe» ere bazioen, beste maite baten «jabe sekula izateko esperantzik gabe». Halako batean, ordea, 38 urte zituela, ezkondu zen azkenean, 22 urteko Nikolasa Erkiziarekin.
«Uztail honen 22an, Bilintxen heriotzaren 150. urteurrena izango da, baina agintariek ahaztuta dutelakoan nago»
Ez naiz ni bertsolaria, ez historialaria, bai Bilintxen zalea, ordea (ingurukoek ondo dakite hori). Eta iazko Hezkuntzako oposizioetarako ikasten ari nintzela, Antonio Zavalak haren bizitzaren inguruan idatzitako liburu mardula irakurri nuen, are gehiago mirestera iritsi arte. Bai bera, bai Nikolasa, biak ere benetan ekintzaileak eta ausartak izan ziren eta.
Gainera, bertsoak aipatzen ez duen arren, Domingo Kanpañarekin izandako aferan ere Loiola zen tarteko (Zavalak dioenez). Apustu egin omen zion Bilintxek Domingo Kanpaña lankide eta bertsolariari, ea Loiolara zein iritsi azkarrago: Kanpaña mando gainean ala Indalezio bera oinez. Zenbait tranpa tarteko, Bilintx izan zen txapelduna, eta laguna helmugara iristean bota zuen bertso ezaguna: «Mando baten gainian Domingo Kanpaña…».
Kontuak kontu, uztail honen 22an, Bilintxen heriotzaren 150. urteurrena izango da, baina agintariek ahaztuta dutelakoan nago. Eta zer dugu haren omenez hirian? Bada, Antzoki Zaharraren ondoko kale txiki eta ilun bat… ados, antzokia lantoki izan zuen eta han zegoela harrapatu zuen heriotza ekarri zion granadak. Baina zerbait gehiago mereziko ote du! Agian, aipatu dudan beste auzoren batean… Aio, Bilintx! Eta aio, balantx!

