Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera
Mugikortasuna

Igarotako bidearen kronologia bat

Topoa, Donostialdeko Metroa eta Topo Berria. Esanguratsua da 2009an aurkeztu aurreproiektutik 2026ko azaroaren 21ean inauguratu duten topoaren lurpeko igarobideak egin duen ibilbidea.

Amarako_geltokia Amarako Easo plazako tren geltokia gainditzeko eraiki dute topoaren saihesbidea. Joseba Parron San Sebastian

Iritsi da eguna. Donostiako topoaren igarobidea ofizialki ireki dute, lurpeko hiru geltoki berriekin: Amara, Kontxa-Zentroa eta Bentaberri. Horrela, betirako itxi dute Amarako lur gaineko topo geltokia; trenbide sarearen kale itsua. Eusko Jaurlaritzak “oztopo historiko” hori gainditzeko, topoaren saihesbidearen proiektua sustatu zuen 2009an, eta hamazazpi urte geroago, martxan jarri dute. Horretarako, 300 milioi euro inguru gastatu dituzte —110 milioi euro inguruko gainkostuarekin, datu ofizialen arabera—, bederatzi urte behar izan dituzte lanak bukatzeko, eta denbora horretan ezbehar ugari gertatu dira. 

Topo berria aurrera doan bitartean, balazta sakatu eta atzera egitea komeni da. Topoaren igarobidearen kronologia bat osatu dugu, urte seinalatuekin, mugarriekin eta pasarte beltzekin. 

2009: Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko Metroaren informazio azterlana proiektua bultzatu zuen, topoaren trenbide sarea eskualdeko metro zerbitzu bihurtzeko. Garraio Sailak urte hartako uztailean atera zuen lehiaketara azterlanaren idazketa, 2,6 milioi euroko aurrekontuarekin eta hemezortzi hilabeteko exekuzio epearekin. Urte horretako urrian adjudikatu zuten. Proiektu osoa gauzatzeko 712 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusi zuten.

2012: Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Anoeta tartearen informazio azterlana onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak. Azterlan horren bidez, Lugaritzeko geltokiaren eta Anoetako geltokiaren artean beste trazatu bat definitu zuten, lau geltoki berrirekin Lugaritz eta Morlansen artean: Unibertsitatea, Matia, Erdialdea-Kontxa eta Easo.

MetroDonostialdea

Donostialdeko Metroaren informazio azterlana.Eusko Jaurlaritza

2013: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak oinarrizko diseinuaren berrikuspena egin zuen, kostuak eta trazadura optimizatzeko. Hori dela eta, beste azterlan bat idatzi zuten, Lugaritz-Easo tarterako.

2015: Maiatzean, Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Easo tarteari buruzko informazio azterlana jendaurrean jarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Diseinu berriarekin, hirura murriztu zituzten geltokiak: Bentaberri, Erdialdea-Kontxa eta Easo. Gainera, lurpeko 4,2 kilometro inguruko pasabide bat proposatu zuten Lugaritzetik Morlanseraino. Horrela, Amarako topo geltokiaren kale itsua gainditu zitekeela nabarmendu zuten.

Ekainean, Satorralaia Donostiako bizilagunen mugimendua sortu zuten, Donostiako “metroaren” igarobidearen proiektua gelditzeko helburuarekin.

metroa, satorralaia

Satorralaia mugimenduko hainbat kide 2016an, udaletxearen atarian.Lide Ferrerira

2017: Eusko Jaurlaritzak azpiegiturarekin aurrera egin zuen, eta izena aldatu zion. Donostialdeko Metroa izatetik, berriz ere, topoa izatera pasatu zen. Zehazki, topoaren igarobidea. Eraiki ahal izateko, obra bi zati handitan banatu zuten.

Irailean, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Lugaritz-Mirakontxa tarteko obrak 38,1 miloi eurogatik adjudikatu zizkion Metro Benta Berri aldi baterako enpresa elkarteari —Moyua, Viuda de Sainz eta Comsa enpresek osaturikoa—.

metroa easo

Donostiako Metroaren lanak lur azpian, Mirakontxa-Easo zatian.ELA

Urrian, berriz, ETSk Topogunea ireki zuen Easo kalean, Donostiako topoaren igarobidearen lanen inguruko herritarrentzako arreta eta informazio bulegoa. Lanak hasi orduko, herritarren kexak jasotzen hasi ziren.

Abenduan, Mirakontxa-Easo tarteko lanak 53,3 milioi eurogatik adjudikatu zizkion ETSk Sacyr Construccion, Cavosa, Campezo, Construcciones Mariezcurrena eta Construcciones Zubieder enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari. Zehazki, 2,08 kilometroko obra zibila —Erdialdea-Kontxa eta Easo lurpeko geltokiak barne—. Bi obra zatiak aintzat hartuta, hasierako aurrekontua 181,5 milioi eurokoa izan zen, obra zibilen eta instalazioen gastuekin.

2018: Abenduan, Topoguneak jakinarazi zuen herritarren 771 interakzio eta 52 kexa erregistratu zituela, ireki zutenetik —2017ko urritik—. Zaraten, dardaren eta eraikinetako kalteen inguruko kexak izan ziren jaso zituztenak.

2020: Ekainean, Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan hogei metro kubiko inguruko zuloa agertu zen. Ondorioz, inguruko hainbat eraikinetako bizilagunak eta Londres hoteleko bezeroak etxetik atera behar izan zituzten.

metroa zuloa

Metroaren lanek Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan eragindako zuloa.EH Bildu

Azaroan, Londres hotelaren pareko galtzadaren azpian beste zulo bat sortu zen, bi metro zabal eta hiru metro sakon zituena. Aurreko gertakaritik lau metrora gertatu zen, eta hormigoiarekin zigilatu behar izan zuten. Bi zuloen ondorioz, Mirakontxa-Easo tarteko kontratua bertan behera utzi zuen ETSk, zulo bat eta zailtasun hidrogeologiko larriak antzeman ondoren, jatorrizko baldintza ekonomikoei eustea bideraezina egiten zutenak.

Zuloa metroa zubieta kalea

Zubieta kaleko bigarren zuloa.Irutxuloko Hitza

2021: Apirilean, Mirakontxa-Easo tarteko lanak bukatzeko, ETSk beste kontratu bat lizitatu eta Metro Miraconcha-Easo aldi baterako enpresa elkarteari ——Altuna y Uria, Acciona Construccion eta Iza enpresek osaturikoa— adjudikatu zion.

Maiatzean, 138 metro kubikoko hirugarren zulo bat azaldu zen, Kontxako hondartzako kabinen forjatuaren azpian. Horren aurrean, ETSk 400 metroko tarte horretako lanak geldiarazi zituen segurtasun neurriak indartzeko eta kontratua berriz adjudikatzeko.

Zuloa

Kontxako kabinetan azalduriko zuloa.ELA

2022: Ekainean, topoaren saihesbideko Lugaritz-Mirakontxa zatiko obra zibila bukatu zuten. Era berean, Bentaberriko sarbideen lanak bukatu zituzten.

2025: Satorralaiak salatu zuen topoaren igarobideko eraikuntza lanetan gainkostu esanguratsua sortu zela. EH Bilduk datu zehatzagoak eman zituen agerraldi batean. Lugaritz-Mirakontxa zatiko obra zibilean 47,4 milioi euro gastatu zirela adierazi zuten, 9,3 milioi euroko behin betiko gainkostuarekin, hau da, %24,41eko igoerarekin —38,1 milioi eurotan adjudikatu ziren—. Mirakontxa-Easo tarteak, berriz, 86,5 milioi euroko gainkostua pilatu zuela deitoratu zuten, %162,29ko igoerarekin —53,3 milioi euroan adjudikatu zituzten—. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak gainkostua 110 milioi eurokoa izango dela 

2026: Ekainean, pertsona bat hil zen topoaren igarobidearen lanetan. ETSk jakinarazi zuenez, tunelean lan batzuk egiten ari zirela, makina bat irauli eta harrapatu ostean zendu zen. Hilabete berean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen Donostiako topoaren lurpeko igarobide osoaren obra zibila bukatu zuela. Kontxa-Zentroa geltokia izan zen bukatu zuten azkena.

Irailean, tren batek topoaren lurpeko igarobidea zeharkatu zuen Lugaritzetik atera eta Amarara iritsi bitarte. Bidean, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa geltoki berriak pasatu zituen.

Topoan_barrena01

Topoaren igarobidea ezagutzeko egindako bisita.Joseba Parron San Sebastian

Azaroan 21ean, topoaren igarobide berria martxan jarri dute.

HITZAkide HITZAkide