Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera
Hutsik zegoen Urumeari lapurtutako lur zatian, auzo berri bat altxatu zuten XXI. mende hasieran, Amarak, Loiolak, ibaiak eta trenbideak osatutako mugen artean. Loiolako Erriberako lehen bizilagunak, aldiz, duela hogei urte heldu ziren, artean, urbanizazioaren zati bat egiteke zegoela. Haien eta gerora heldu zirenen ekimenez, bete eta bizigarri egin dute eremua. Auzoa ez baita soilik eraikinen multzoa.
Txikitan, Amaran bizi nintzen eta La Sallera joateko hortik gurutzatzen genuen. Erdi ahaztuta dut garai hori, baina gogoratzen dut lokatza zela, lohietako lokatza, eta erdi-erdian trenbidea. Eta babestu gabe zegoen… Beste garai batzuk ziren, erabat ezberdinak», gogoratu du Izaskun Aseginolaza arkitektoak, egun, Loiolako Erribera dagoen eremuari buruz hizketan.
Lohia, lokatza, trenbidea, belarra, noizean behin, zirkua edo beste behin-behineko ikuskizunak, kokalekuren bat… Hori zen Amara eta Loiola artean zegoena, urari irabazitako lurra, ibaiaren babesean. Hori eta autobus geltokirako zen orube bat ere. Gazteenek ez dute paraje hori ezagutu, eta donostiar gehienen buruan egungoak ordezkatuko zuen iragan hori. Auzo berri bat. Edo jada ez hainbeste. Adinez nagusia baita Loiolako Erribera: hogei urte dira lehen bizilagunak iritsi zirenetik, oraindik josten amaitzeko zegoela.
Arkitektura fakultateko bulego batean eman ditu azalpenak Aseginolazak, XX. mendean zehar hiriak izandako garapena aztertzen duen Jesus Ramon Tejada Villaverderen El desarrollo urbanístico de Donostia-San Sebastián. La colonización urbana de un territorio complejo tesia baliatuta, bertan agertzen diren mapa eta irudiak seinalatuz. Asko aztertu du auzoa eta eskoletan ere erabiltzen du irakasleak. Hirigintza lana kokatzeko zertzelada batzuk eman ditu.
Hamarkadatan pentsatua
Auzoa plan partzial baten bidez garatu zuten, eta horrelakoetan «arkitektoek hiri mota bat proposatzen dute». Hasierakoak, 1970eko hamarkadakoak, «zero erakargarriak ziren, antolaketa gabeak eta azpiegituraz beteak; soilik promotoreen ikuspuntutik eginak», azaldu du arkitektoak. Lehen marrazketa «burutsua» Angel Martin katedradun donostiarrak egin zuen, zonaldea eta Amara Osinaga lotuz, Amara Berriren jarraipen moduan, «bi auzo beharrean». Bere proposamenean etxe-irlak oso bereziak ziren: etxeek alde batera edo bestera begiratzen zuten eta erdian korridore bat zuten. «1990eko hamarkadan, udalari interesgarria iruditu zitzaion, baina kudeatzeko oso zaila», beraz, Martinen Bartzelona hiribidearen ideiari helduta, berriro marraztu zuten, errealitatetik gertuago pentsatuta. Osagai garrantzitsuenak mantendu zirela uste du irakasleak.
«Uste dut ondo hornitutako auzoa dela», dio Aseginolazak, eta Amara eta Loiolarekin «ondo lotuta» dagoela. Auzoa lotarako leku soil bat izan ez zedin, besteak beste, Gizarte Segurantzaren egoitza eta etxabeetako komertzioak aurreikusi zituzten. Ekipamenduak garrantzitsuak dira auzo batentzat, eta bi motatan banatu ditu: auzoari begirakoak eta hiriari begirakoak. Lehenek eguneroko bizitza errazten dute —kiroldegia, osasun etxea, ikastola…— ; bigarrenek, jendea ekartzen dute auzora eta, aldi berean, jarduera ekonomikoa banatzen dute.
Arkitektonikoki «interesgarriak» diren elementuak baditu auzoak. «Zerbait ezberdina» egin zuten: bloke zuriak beharrean, eraikin altuagoak eta forma ezberdinak daude, eta barruko etxe-irlak «pila bat zaindu zituzten», ez dira erabat berdeak, ezta betikoak ere. Auzotarren kohesiorako, barrualde bizigarriek «lasaitasuna» ematen dute. «Tipologia hauek ondo funtzionatzen dute». Etxabeen lokal mota anitzekin ere asmatu zutela dio, eta askotan kaletik plazarako bidea egiten dute, barruko aldean ate batekin: «Interesgarria da terraza beste aldean daukazulako».
Plangintzak guneak eta kaleak ekarri zituen; bete, ordea, etorritako herritarrek egin zuten.
Elkartu, aldarrikatzeko
Adreiluz eta zementuz altxaturiko auzora bizilagunak heltzen hasi ziren 2006ko uztailean. Urte berean eratu zuten Loiolako Erriberako auzo elkartea Giuseppe Verdi plazako lehen bi blokeetako bizilagunek. Daniel Fernandez egungo zuzendaritzako kideak oroitu duenez, babes ofizialeko etxebizitzak eman zizkietenean, «atarietara iristerik ere ez zuten», urbanizazioaren ondorioz. Arazo horiek konponduta, ez zuten jarraitzeko interes berezirik izan, beraz, bilera antolatu zuten 2008ko udaberrian, zuzendaritza batzorde berri bat osatzeko. Hobetzeko kontuak zeudela jabetuta, hamasei bat lagun batu ziren, 2007ko maiatzetik aurrera etorritakoak, «orduan eman baitzituzten salmenta libreko lehen etxeak».

Asmoa ekipamendu faltagatik Loiolako Erriberak zituen arazoak konpontzea eta dinamizaziorako jarduerak antolatzea zen. Hala, egin zuten lehen ekitaldi publikoa Mikel Laboa pasabidea zabaltzeko elkarretaratzea izan zen, 2009ko urtarrilean; «eraikita bazegoen ere, udalak irekitzeko asmorik ez baitzuen [Odon Elorza alkateak bi esku hartze osagarri gauzatzea falta zela zioen]. Bizpahiru astean, oinezkoentzat irekitzea lortu genuen. Hori izan zen elkarte berriaren aurkezpen publikoa». Eta lehen garaipena.
Hastapenetik, paraleloan egin zuten zerbitzu publikoen aldarrikapena eta auzoaren dinamizazioa. Gaiak kudeatzeko, elkarte barruko batzordeak antolatu zituzten: garraio publikoa, hirigintza… eskatu eta «mugitu» ezean, ekipamendurik izango ez zutela ondorioztatu baitzuten. Auzokideek elkar ezagutzeko jarduerak ere egin zituzten, baita auzoa bera ezagutarazteko ere; horietako bat, esaterako, kaleen izenak nondik zetozen azaltzeko bisita gidatuak izan ziren.
Auzoa egin eta bizi
Xedea, lotarako izan beharrean, auzo bizia izatea zen. «Erakundeek lagunduko ez zutela bagenekienez, gu hasi ginen hori lantzen», argitu du Arantxa Fernandez bizilagunen elkarteko egungo lehendakariak: «Topaleku falta sumatu genuen eta taldeak sortu ziren». Egoitzan edo tabernetan elkartzen ziren eta, haurrekin, plazetan; beste aukerarik ez baitzuten. Adinekoen taldea, danborrada, jaiak, Udaberri festa, umeentzako tailerrak… Auzotarrek abian jarri nahi izan dituzten ekimenak hartu dituzte. Beste eragile batzuk ere agertu ziren; elkarte gastronomikoa, zumba taldea edota inauterietako konpartsa, kasu. «Auzokideak ginen, baina joera genuen jatorrizko auzora bueltatzeko. Helburua lehen genuena faltan ez botatzea zen», berretsi du elkarteko buruak.
Auzoa bete zuten lehen biztanleen artean, seme-alabak zituzten bikote gazte ugari zeuden eta hori izan zen gauzak antolatzeko hauspo nagusia, Arantxa Fernandezen esanetan. Iritzi bera du Yoli Resa kideak ere: «Berehala hasi ginen elkartzen, jende gaztea ginen, haurrekin, eta batzen saiatu ginen». 2007an heldu zen amaratarra auzora. «Oso bizilagun gutxi geunden. Gogoan dut ogia Alkainen erosten genuela beste lekurik ez zegoelako». Hain zuzen, taberna hori da, Doctor Livingston eta Nahia liburu dendarekin batera, sorreratik dagoenetako bat.
Testuinguru horretan, esaterako, 2009an bertan Olentzero antolatu zuten, lehenengoz.
Batu, euskalduntzeko
«Gazteleraz eta oleka», atera zen ikazkina, hizkuntza bereko gabon kantek lagunduta. Horrek batzera bultzatu zuen guraso talde bat. «Ikusi genuen auzoko euskaldunok elkartu behar genuela», zehaztu du Ainhoa Elicesek, gertatutakoa oraindik ere harridurak kontatuz. Hori izan zen Erribertxo Kultur Elkartearen kimua. Bere ekimenez, urtebete geroago, Mari Domingi sartu zuten, orekatzeko, eta euskarazko eskaintza loratzen joan zen: Santa Ageda, San Joan zortzikoa, ibilbide mitologikoa, Euskararen Eguna, bertsolariak… Iristen lehenetakoa izan bazen ere, Elices ez da jada Loiolako Erriberan bizi; baina iraileko arratsalde honetan Unai Arregi eta Unai Urkiolarekin elkartu da auzoko kiroldegian, urteotan egindakoa gogoratzeko.

Lehen urratsak bizilagunen elkartearen barruan egin zituzten, euskara batzorde gisa, 2017an elkarte bihurtu ziren arte. Loiolako Erriberak nortasunik ez zuen, eta zerbait egin ezean, bazekiten zein zen norabidea. Erreferente bakarra auzo elkartea zen, eta erabat erdaraz funtzionatzen zuen. Euskaraz egiteko aukera eman eta erabilera indartzen ahalegindu ziren dendetan, tabernetan, kalean… «Euskaraz bizi nahi dugu eta argi genuen zerbait egin nahi genuela», baieztatu du Urkiolak. Gainera, auzo berri hutsean, harremanetarako beste bide bat ere izan zen: «Euskaldunak euskaldunekin egoteko beste modu bat», gehitu du Elicesek.
Argi-ilunak
Hasieran, paisaia «nahiko erdalduna» zen. «Ez zegoen gauza gehiegirik, poliki-poliki sortzen joan zen. Dendak eta tabernak ireki zirenean, nahiko erdaldunak ziren. Saiakera egin dugu harreman hori euskaratzeko eta merkatarietako batzuek parte hartu dute jardueretan». Tabernak, saltokiak eta parkeak dira euskaraz hitz egiteko eremuak; lehenengo bietan, erakusmahaiaren atzean dagoenaren arabera izan da; parkeetan, berriz, lortu dute euskara indartzea. Izan ere, Erribertxoren jarduna kalean gauzatu dute, ez lokalik ezta kultur etxerik ere ez dutelako.
2010 eta 2017 artean, jarduera gehienak haurrentzat izan ziren, izan ere, seme-alabak ikastolan euskaraz aritzen ziren, baina kalera irtetean ez zuten inolako eskaintzarik. Arregik uste du auzoari eman diotela «euskararen presentzia, batez ere, ekitaldi ludiko guztietan». Zegoen apurra eurek antolatu dute, euskaraz. Jendea gerturatzen hasi zen Erribertxora eta «urte ilusionagarriak» izan ziren, jarduera oso arrakastatsuekin; esaterako, 2017an, Go!azen-eko aktoreak ekarri zituzten, eta, pandemian, inork ezer egiten ez zuenean, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsolariak.
Bidean lagundu dien ikastola 2011n ireki zuten, eta 2013an, Bagera Euskaltzaleen Elkartearekin batera egindako diagnostikoa «mugarria» izan zen, plan integrala lantzeko oinarria. Zenbaitetan erreferente izan dira: Gau Beltza antolatzen lehenetakoak izan ziren, Euskararen Eguneko egitarau indartsuak prestatu dituzte, eta, beren ekimenez, Auzo Mahaia martxan jarri zuten, auzoko eragileak biltzeko asmoz. Elicesen hitzetan, «saiatu gara kohesioan aurrera egiten, zailtasunak zailtasun».
Euskaraldiak lagundu zien ohartzen dirudiena baino euskaldun gehiago direla auzoan; jendea identifikatu zuten eta euskararen presentzia hazi zen. «6.000 bizilagunetatik, askok euskara dakitela badakigu», zehaztu du Arregik. Neurketek kale erabilera jaisten ari dela badiote ere, belarria jartzean, «uste baino gehiago» entzuten dela ere berretsi du.
Beren ekarpena egin diote Loiolako Erriberari eta lortu dute egunerokoa bertan egitea. Zalantza, ordea, bi hamarkada hauetan koskortzen joan diren haurrek lortuko ote duten da, auzotik kanpora joateko joera baitute. Elkartearen errelebo faltaren arrazoietako bat da hori; beste bat, nekea. 16 urtetako ibilbideari jarraipena emango dion indar berria behar dute; daudenek beraiena eman dute. Urkiolak ondorioztatu moduan, «denbora beharko du auzoak nortasun pixka bat lortu arte. Gure alea jarri dugu».
Korrika, hari
«’Ez zegok potrorik!’ batekin hasi zen». Hala gogoratu du Resak korrikalari taldearen sorburua. Danborrada atera zen lehen urtean, amaitzen ari zirela, norbaitek «hau utzi eta korrika egiten hasi behar dugu», bota zuen, eta beste batek erronka jarri zion: «Aurten, Behobia prestatuko dugu». Horri lasterketa ondorengo babarrun jana gehitu zioten eta motibazioa handitzen joan zen. «Helburua babarrun jatera iristea zen», ñabartu du, umorez.
Urtarrilean bertan egin zuten lehen irteera. Asteartero eta ostegunero elkartzen ziren, 21:15ean. Guraso izanik, une horretan aukera zutelako. Zeudenak korrika egitera joaten ziren, eta, bolada batez, txirrindulari talde batek lagundu zien. Lasterketa heldu zen, egin zuten, eta taldetxo bat gelditu zen. Hamar bat ziren eta berrogeitik gora izatera heldu dira, nahiz eta denek elkarrekin ez duten inoiz korrikarik egin. Hazten joan zen taldea pandemiara arte, hor haustura etorri zen.

Whatsapp taldean 42 lagun daude, korrika egiten dutenak «askoz gutxiago» dira, hamabi bat. 30 eta 65 urte artekoak dira, eta beste auzo batzuetako jendea ere badago. Jada ez dira elkarrekin ateratzen; bakoitzak bere aukeren arabera egiten du, taldean idatzi eta batzen zaizkionekin.
Kanpora ere joan dira lasterketetara —«Rigara, bost egun», adibidez—, autobusa antolatzen dute urtero Behobia-Donostia lasterketako irteerara joateko, eta San Silvestrean ere parte hartu ohi dute; mozorroen saria irabazi dute hainbatetan. Jantzien prestaketak «asko elkartu» dituela dio Resak, korrikatik haragoko beste jarduera batean ere elkar hartuta. Edonola, aspaldi da taldea eraldatu dela. «Alabarentzat bainu jantzi bat beharko banu, taldean idatzi eta badakit ordu erdi batean edukiko nukeela. Elkarri laguntzeko gaude. Askotariko jendea eta ezagutzak daude eta gauza polit asko sortu dira hortik… Batzuetan korrika egiten duten lagun taldea bilakatu gara».
Urteekin auzoa aldatu den moduan, norberaren bizitza ere bestelakoa da. Taldea kohesiorako bidea izan da, elkar ezagutu eta lagunak egiteko aukera, baina baita korrika egiteko motibazioari eustekoa ere. «Ezin dut auzoa zeharkatu inor agurtu gabe; hori du auzo honek. Elkar ezagutzen dugun herri moduko bat da, hein batean».
Erriberan, baina ez ondoan
«Oso definituta dago auzoa. Ibaiak, errepideak eta trenbideak definitzen gaitu». Resak baikor begiratzen badio, Aseginolazak, ordea, ibaitik urruntzen duen muga bat nabarmendu du. «Zailena ez dugu lortu, ibaiarekin lotura ondo lantzea. Loiolako Erribera pasealekuan zarata handia dago, ez da erosoa, paseoa beste aldetik erabiltzen da…». Saihesbidea kale mailara jaitsi eta kale bihurtzea proposatu zuten, abiadura moteldu eta jarraitasuna lantzeko, baina proposamenak ez zuen aurrera egin.
Amarako norakoan ekipamenduetarako bi lursail gorde zituzten: batean, Iesu eliza dago supermerkatu baten gainean; bestean, autobus geltokia egin behar zuten. «Aukera galdutzat» jotzen du Aseginolazak. «Mugikortasunaren aldetik zentzu osoa zuen. Ez dut ulertzen eta defendatzen jarraitzen dut hemen egon beharko lukeela. Geltokiak eta etxebizitzak izan daitezke, Bilbon egin duten moduan». Halako irtenbideek aukera ematen duten erabilerak batzeko, etxebizitzak eta ekipamenduak, kasu; eta bizilagunen aldarrikapenei erantzuteko modu bat litzateke.
Elizaren parean eta Loiolako norakoan Eusko Jaurlaritzak eta udalak, hurrenez hurren, proposatutako zuzkidura bizitokiek kezka piztu dute hainbat erriberatarren artean, besteak beste, «zerbitzuak dimentsionatzean» erabiltzaileek ez dutelako biztanle gisa kontatzen eta jada horien falta salatzen dutelako. Ondorioz, Amarako zerbitzuak «saturatzen jarraitzera» behartuko dituztela dio Arantxa Fernandezek. Ekipamenduak izan dira, hain zuzen ere, urteotako eskaera nagusia. Kirol kantxak lortu zituzten, Kirol Txartelarekin erabil dezaketen kiroldegia, ikastola… Luze itxarondako haurtzaindegia ireki berri dute eta, orain, kultur etxea eta osasun etxea dituzte hutsune nagusi. Daniel Fernandezek dioenez, lehen urteak «emankorragoak» izan ziren, «udalean sentsibilitatea zegoelako eta gure beharrak iragazteko lana baloratzen zutelako»; azkenaldian, ordea, edozer lortzeko «urtetako etengabeko matraka» behar izan dute. Bartzelona hiribideko zebrabideak altxatzea bitan eraman behar izan zuten osoko bilkurara, «istripuak eta harrapatzeak izan badira ere».
Bi hamarkada igaro dira lehen bizilagunak iritsi zirenetik Loiolako Erriberara, eta, ordutik, hamaika modutan ehundu dute auzoa: elkartuz, jarduerak prestatuz edota ibaia jarraituz taldean korrika eginez.





