Jazzaldiko kartel irabazlea hautatu dute
Jon Artetxe Artabe bizkaitarra izan da 47. Heineken Jazzaldiko Kartel Lehiaketaren irabazlea
Chillida izenarekin aurkeztu zuen Jon Artetxe bizkaitarrak bere lana, eta Jazzaldiko kartel lehiaketa irabazi du. Jon Artetxe Areatzakoa da (Bizkaia), 26 urte ditu eta iaz amaitu zituen Arte Ederretako ikasketak. Gaur egun diseinu grafikoko lanak egiten ditu Onin Grafik Bilboko estudioan. Ilustrazioa da bere bokazioa, eta hau da irabazten duen lehen lehiaketa. Lehenago Bilboko eta Bizkaiko beste hainbat herritako festetako kartelak aukeratzeko lehiaketatan aurkeztu ditu bere lanak.
Txillidaren laminen eta grabatuen eragina goraipatzeko aukeratu zuen kartelaren leloa. Hain zuzen, 47 zenbakia egiteko Donostiako Haizearen Orrazian topatu zuen inspirazioa, eta urdin koloreak Donostiako kostaldeari egiten dio erreferentzia. Izenburua, bere lana Mariscalen estiloarekin zerikusia zuela esaten zutenei kontra egiteko ere aukeratu zuen, izan ere, berak ukatu egiten du hori hala denik. Berak, Txillidaren eragina azpimarratu nahi izan du, beste ezerren gainetik.
Guztira 1.333 kartel aurkeztu ziren lehiaketara, jaialdiaren webgunearen bidez. Publikoak botoa eman zuen, eta 10 bozkatuenak finalera pasa ziren. 27.810 boto bildu zituzten lehiaketan. Beste 10 kartel Heineken Españak eta Heineken Jazzaldiak aukeratu zituzten. Hala, epaimahaiak kartel irabazlea 20 kartelen artean hautatu zuen. Boto-emaile guztien artean Trinitate Enparantzarako bi abonu eta jaialdiko hotel batean alojamendua zozketatu ziren. Sariduna Ane Icardo Isasa izan da.


