Illunbe auzia dela-eta, beste 8 milioi euro ordaindu beharko ditu udalak
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia irmoa dela jakinarazi du udal gobernuak; agerraldia egingo du gaur alkateak
Aurreko udal gobernuaren eta Illunbeko aisialdirako gunea kudeatzen zuen Nuevo Desarrollo de Anoetaren (NDA) arteko hitzarmena eteteagatik udalak 21 milioi euro ordaindu behar izan zizkion enpresa horri. Bada, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zortzi milioi gehiago ordaintzera zigortu du udala. Epaia irmoa da; beraz, NDAri ordaindutako 21 milioi euroko kopuruari beste zortzi erantsi behar zaizkio orain. Juan Karlos Izagirre alkateak prentsaurrekoa egingo du gaur erabakiaren berri emateko.
Administrazio epaitegiak orain urtebete atzera bota zuen NDAk aurkeztutako helegiteetako bat. Orduan, Illunbeko kudeatzaile ohiak zortzi milioi euro eskatu zizkion udalari aisialdirako gunean zeuden tabernetako eta zinemetako jabeek egindako erreklamazioei aurre egiteko. Oraingoan, udalaren kontrako erabakia hartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.
