Elkarteek adierazitako bost ideia jasoko ditu Aste Nagusiko egitarauak
Aste Nagusiko egitarau parte hartzaileago bat osatzeko lehen pausoa eman zuten herenegun. Donostia Kulturako arduradunak hiriko elkarteekin bilera egin zuten proposamen berriak jasotzeko eta 35 elkartetako ordezkariek hartu zuten parte. Tartean, auzo eta herri desberdinetako jai batzordeak bateratzen dituen Jai Koordinadorako kideek.
Egindako ekarpenetik 2012ko Aste Nagusiko jai egitarauan bost proposamen txertatuko dituztela jakinarazi du Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak. Haurren eta gazteentzat pentsatutako ideiek eta Erdialdetik urrunago dauden eremuetan egiteko ekimenek lortu zuten aurrera egitea.

