Maria Cristina hotelak utzitako altxorrak salgai daude Anoetan



15 eurotik 3.190 eurora bitarteko prezioa duten 5.434 altzari eta osagarri topa daitezke estadioko 6. atean

Elisabeth Taylorrek apain jartzeko orduak eta orduak eman zituen ispilua, Julie Andrewsek bere oinekin igurtzi zuen alfonbra edota Brad Pittek hiriko bazterrekin liluratuta ametsez bete zuen ohea. Horiek guztiak eta gehiago aurki daitezke Anoeta futbol zelaiko seigarren ateko biltegian ireki berri dute azoka txikian. Ez dira Hollywoodetik ekarritako altxorrak, Maria Cristina hotelak ehun urteko historian istorioz eta pasadisuz bete dituen altzariak baizik. Hormak bakarrik ez, altzariak bertan ikusitakoa aitortzen hasiko balira dutena baino balio handiagoa izango lukete.

Horixe baitu apirilaren 22a arte zabalik egongo den azoka bitxikeria nagusi, altzari zaharrak gustuko dituztenek sekulako pagotxa dutela zain. 15 eurotik 3.190 euro artean balio dituen altzari eta osagarriak topa daitezke. Denera, amets artean galtzeko 5.434 altzari.

Maria Cristina hotelaren historia zati bat eskuratzeko, beraz, 15 eurorekin nahikoa da. Maletak jartzeko apaltxo batek balio ditu 15 euro eta 300 ale dituzte banatzeko. 2x2ko neurria duten koltxoiak 175 euroren truke lor daitezke. Zutik jartzen diren lanpara horietako bat, berriz, 105 euro ordainduta. Garestiagoak dira sofak. Aktoreei egindako elkarrizketa askotako apaingarri izan den sofa urdinagatik 495 euro ordaintzen dituenak izango du etxean. Azokako altzaririk garestiena sofa bat da, 3.190 euro balio ditu. Altzari guztiak salduko balituzte, Sustapen Elkarteak 300.000 euro inguru lortuko lituzkeela esan du Josu Ruiz zinegotziak.

Kuxkuxean ibili nahi dutenentzat asteartetik larunbatera egongo da azoka 11:00etatik 20:00etara zabalik. Igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.

HITZAkide HITZAkide