Carlos Martinek eta Juan Carlos Santamariak jasoko dituzte Dantza Sariak
Apirila Dantzaren Hilabetea izango da hirian, eta hainbat dantza ikuskizun egingo dituzte
Apirilaren 29an jaio zen Jean-Georges Noverre koreografoa (1727-1820), dantza modernoaren aitzindaria; eta Unescok Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko aukeratu zuen egun hori, 1982an. Hala, 1996tik, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak egun hori oroitzeko hainbat ekitaldi antolatzen ditu. Donostian apirila izango da Dantzaren Hilabetea, eta egitarau zabala bilduko du: Artelekun, Aste Santuko dantza ikastaroan eskainiko dute, apirilaren 10etik 14ra; Dantza Kalean egingo dute udaletxeko balkoitik, apirilaren 21ean (17:30); barra klasikoaren erakustaldia Kontxan izango da, 1.212 dantzarirekin, apirilaren 22an (12:00). Besteik, X. Dantza Sariak banatuko ditute, Antzoki Zaharrean, apirilaren 28an (20:00); Carlos Martin, Poloniako Balleteko bakarlaria, eta Juan Carlos Santamaria, Santamaria konpainiako zuzendaria, sarituko dituzte. Bukatzeko, Dantzaren Nazioarteko Eguneko XVI. Gala egingo dute, Viktoria Eugenian, apirilak 29an (19:30).