Eneritz Otamendi, EHNE: "Traktoreekin eta oinez ere irtengo gara kalera"
Eneritz Otamendi EHNE sindikatuko kideak baserritarrentzat gaur ere greba eguna dela adierazi du. Goizean goiz, baserritarrek derrigor egin behar dituzten lanak bukatu eta gero parte hartuko dute mobilizazioetan: “Ganaduari bazka eman eta behiak jetzi, horiek dira gure gutxieneko zerbitzu partikularrak”.
Baserritarrak gaur ere kalean izango direla plazaratu du igeldotarrak: “Traktoreekin eta oinez ere irtengo gara kalera, eta mobilizazioetan parte hartuko dugu”.
Otamendiren ustez, lan erreformak baserritarrengan duen eragina azaltzea ez da erraza: “Askotan ez da erraza lan erreformaren murrizketen eta gure sektorearen artean lotura egitea. Jendeak dio gure buruaren nagusi garela gu. Gaurko grena eguna lan erreformaren aurkakoa da, noski, baina azken lau urteotan egiten ari garen mobilizazio eta grebatan gauza bat azpimarratuko nuke. Hau badela hartzen dituzten neurri horien guztien aurkako borroka, baina batez ere kapitala eta finantza sistemari aurre egiteko borroka, eta baserritarrok horretan kokatzen gara”.

