Egiako txori etxeak
Balizko erabiltzaileei dagokienez, «besteak beste kaskabeltza eta amilotxa ditugu buruan, horrexegatik jarri ditugu ugaztunak iristeko gai ez diren tokietan». Geroago gehiago jarriko dituzten arren, igandean egin zuten lehen txanpa. Bost habia kutxak urrutiko eta altuerako adarretan jartzeko, Donostiako suhiltzaileak izan zituzten lankide. Eskailerak lagunduta, Cristina Enea fundazioko langileen argibideak jarraitu zituzten suhiltzaileek, eta bost txori etxe jarri zituzten haur eta heldu mordoxka baten begiradapean. «Bioaniztasuna bultzatzearen eta dibulgazioaren arteko lotura egin nahi genuen».
Hori dela-eta, suhiltzaileak ez ezik, inguruko familiak eta pertsonak ere gonbidatu zituzten Txio-txioka tailerrean parte hartzera.
Habia kutxak zer diren eta zertarako balio duten ikasteaz gain, parkean bizi diren zenbait espezie ezagutu zituzten parte hartzaileek, fundazioko langileei azalpenei esker. Horien esanetan, «espezie askok parkean pasatzen dituzte udako hilabeteak, edo, besterik gabe, iparralderago jarraitu baino lehen, bertan hartzen dute atseden». Hauek eta gehiago entzun zituzten ikusleek.
Bertaratutako haurrei ardurak ere eman zizkieten. Umeak bost taldetan banatu zituzten fundazioko langileek, eta multzo bakoitzari habia kutxa bat gainbegiratzeko esan zioten. Mandatua argibide batekin osatu zuten. «Zerbait gertatu dela ikusten baduzue, guri esan beharko diguzue».



