Apaletatik Internetera
Liburutegien eginbeharra gauzak gorde eta kontserbatzea ez ezik, jendearengana helaraztea ere bada. Bi helburu horiek bateratzeko bide eraginkorra da digitalizatzea; hain zuzen ere, hauskorra eta iragankorrak izan daitezkeen papera bezalako euskarrien kopia birtuala egitean datza sistema.
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak funts garrantzitsu baten katalogatze eta digitalizatze lana bukatu duela jakinarazi du egunotan; hain zuzen ere, Donostiari buruzko posta txartel zaharrak biltzen dituen Donostiako postalen funtsa. Jose Luis Sanchez Aierzak bildutako 5.597 alek osatzen dute bilduma, eta bere ezaugarriek baldintzatuta liburutegiaren fondo gordean daude. Hau da, ikusteko eta aztertzeko baimen berezia behar izaten da.
Bildumaren gai nagusia, Donostia bera da, eta ale gehienak postalak dira. Hala ere, hainbat afixa, argazki eta abarreko aurki daitezke. Hauen arteko desberdintasuna, ordea, txikiagoa da formatu digitalean. Sanchezek bildutako aleek XX. mende hasierako Donostia zuri beltzean erakusten dute maiz, nahiz eta bakar batzuk koloreztatuta azaltzen diren. Gehienak postalak izanik, hiriaren alderdi turistikoari buruzkoak dira maizen azaltzen diren irudiak. Hala nola, Kontxa pasealekua edota Urumea gaineko zubien argazkiekin egindako posta txartelak ez dira falta.
Garai horretako turisten erakargarri zen Kasino Handia –egungo udaletxea–, eta bera da beste postal askoren protagonista. Aldaketez gain, desagertu direnak ere ikus daitezke irudi zaharrotan. Esaterako, donostiar gehienek ahaztuta duten Uliako aire tranbiak badu bere tartea bilduman. Etxeko postontzian jasoko ez diren aspaldiko postalak ikusteko, beraz, Guregipuzkoa.net-era jotzea besterik ez dago.




