Iñigo Imaz: "Guk ere gauza asko gaizki egin ditugu, baina epailearen lana ez da izan oso fina"
Iñigo Imaz, Pegamo Bera Berako entrenatzailea
Errugbiaren Ohorezko Mailara igoera lortzeko bi aukera izan ditu Pegamo Bera Berak, baina biak agortu zaizkio, helburua lortu gabe; datorren denboraldian ere zilarrezko mailan jokatu beharko du.
Gorka Buenorekin zuzentzen du Pegamo Bera Bera errugbi taldea Iñigo Imazek (Bidebieta, 1972). Taldeak ezin izan du hainbeste desio zuen igoera lortu, Madril CRCren eta Hernaniren aurkako lehiak galdu ostean; hala ere, Imaz baikorra da, eta garrantzia kendu nahi izan dio kontuari.
Igoera ez lortzea espero zitekeen zerbait zen, baina zer moduz zaudete?
Bueno, ez da inolako drama. Ez gara igo, eta lanean jarraitzea baino ez zaigu geratzen. Hau ez da futbola, eta ez dugu dirutzarik galdu igoera ez lortzeagatik. Errugbian alderantziz, igo ezkero, dirua lortu behar duzu mantentzeko.
Nora begira zaudete momentu honetan?
Orain errugbi zazpia prestatuko dugu. Taldea berriro osatu beharko dugu, eta gogoarekin prestatu beharko dugu datorren denboraldia. Errugbiarekin jarraituko dugu, beti bezala.
Taldean jokalari aldaketarik espero duzue?
Beti egoten dira aldaketak, baina oraindik ez dugu hortaz hitz egin.
Hernanik 15 puntuko aldearekin irabazi zizuen joaneko partidan. Hala ere, ez zenuten esperantza galdu. Nolakoak izan dira bi partida horiek?
Bi partidak, espero zitekeen bezala, oso borrokatuak, tentsio handikoak, urduritasun handikoak, eta ikusle askokoak izan dira. Bietan oso zorte txarra izan dugu. Hernanin jokatutako partidan bost lesio izan genituen, eta nahiko txartel hori jaso genituen. Gainera, lehen zatian aurretik gindoazen, eta bigarrenean, gure ustez behintzat, epailearen lana negargarria izan zen, eta eragin handia izan zuen; gero, gure tiratzaile nagusiak belauna hautsi zuen… Anoetako partidan, hasieran tentsio handia izan zen, eta ildo beretik jo zuen partidak. Horretan ere nahiko zorte txarra izan genuen eta berriro ere lesionatuak izan genituen. Bai Hernanin eta bai Anoetan legalak ziren bi entsegu baliogabetu zizkiguten, eta bi entsegu hamalau puntu izan daitezke, biak area azpian izan baitziren. Hamabost puntugatik galdu dugu, eta hamalau puntu kendu dizkigute. Beraz, sentsazioa ez da oso ona. Guk ere gauza asko gaizki egin ditugu, baina epailearen lana ez da izan oso fina. Hernanikoak zoriondu genituen, merezi baitzuten.
Ondo ezagutzen duzuen taldea da Hernani, elkarrekin ere entrenatu baituzue.
Bai, eta beraiek ere ongi ezagutzen gaituzte. Azkenean, taktikoki ez da inongo ezusterik egon, ez partida batean ez bestean. Baina beraiek zorte pixka bat izan dute, eta guk ez. Momentu zehatzetan fin ibili dira, eta erabaki horiek eman diete garaipena.
Hernanik igoera lortuko du?
Zaila dute, ez baitago erreferentziarik maila baten eta bestearen aldea jakiteko. Alcobendas Hernani baino aurkari gogorragoekin ohituta dago, baina ez dago partidaren pisua eramatera ohituta. Ikusiko dugu.


