Maiatzean egingo diren moda desfileak laguntzeko eskatu dio PPk Udalari
Maiatzaren 3 eta 4an artista gazteen diseinuek jantziko dute hiria. AEG ikastetxearen eta Fagus Seguridad enpresaren ekimenez, bi desfile antolatuko dituzte maiatzaren lehenengo ostegun eta ostiralean. Ekimen pribatuak sustatutako ekitaldiak diren arren, udalaren babesa jasotzeko eskatu du PPko zinegotzi Iñigo Arcauzek, etorkizunean desfileok antolatzen jarrai daitezen eta indar handiagoa har dezaten. PPk berreskuratu nahi duen Moda Astearen hazia izatea nahiko lukete.
Udal gobernuak diseinatzaile berriei ateak irekitzeko asmoa duen proposamena «interesgarritzat» jo duela argitu du PPko zinegotziak. Diruz laguntzea zaila izango dela onartu badu ere, zentimorik jarri gabe ere, ekimena babesteko aukera legokeela zehaztu du Arcauzek.
PP taldeko zinegotziak, hain justu, udal gobernuak ekimena bultzatzeko zein neurri hartuko dituen galdetu zuen atzo egin ziren batzordeetako batean. Bilduko kideek, aldiz, inongo xehetasunik ez zutela eskaini jakinarazi du Arcauzek. PPko kideak, bada, ostirala bitartean udal gobernuak zer proposatuko zain egongo direla adierazi du Iñigo Arcauzek. Bilduk pausorik emango ez balu, hilabete bukaeran egingo den ohiko osoko bilkurarako mozioa aurkezteko prest egongo liratekeela adierazi du.
Iñigo Arcauzek adierazi duenaren arabera, Josu Ruiz Turismo eta Sustapen zinegotziak antolatzaileekin elkartzeko asmoa du aste honetan. Udal ordezkariek eta antolatzaileek egingo luketen hirugarren bilera litzatekeela adierazi du. Aurrez, Turismo eta Merkataritza sailetako ordezkariekin elkartu direla azaldu du Arcauzek, eta Merkataritza sailekoak laguntzeko prest agertu direla erantsi du.
2.000 euroko saria
Maiatzaren 3an egingo den lehenengo desfilea Illunbeko aisi gunean ireki berri duten Joy Eslava diskotekan izango da eta AEG ikastetxeak antolatu duen moda diseinu lehiaketa bat izango du oinarri. Aurkeztu diren partaideen artean, 15 diseinatzailek lortu dute finalerako txartela. Azken txanpara heldu diren jantziak maiatzaren 3an, 20:00etan, hasiko den desfilean erakutsiko dituzte.
AEG ikastetxeak antolatutako lehiaketak Gipuzkoako gazte ekintzaileen artean aukera berriak sortu eta moda diseinuan talentu berriak bilatzea du helburu. Irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du.
Hurrengo egunean ere desfilea egongo da. Viktoria Eugenia antzokian izango da, ordea. Desfile horretan, lehiaketako irabazleen jantziak eta Bartzelonatik ekarriko dituzten beste zenbait diseinu taularatuko dituzte. 20:00etan hasiko da desfilea.


