Odon Elorzaren jarrera kritikatu dute PPk eta ezker abertzaleak
«Hogei urtetan konpondu ez duena ez diezaiola besteei egotzi», esan du PPko Ramon Gomezek
Donostiako Ezker Abertzaleak eta Ramon Gomez PPko udal bozeramaileak Odon Elorza PSE-EEko alkate ohiaren jarrera kritikatu dute. «Berak hogei urtetan egin ez zuena egiteko eskatzen dio orain udal gobernuari», adierazi du ezker abertzaleak. PPko bozeramaileak ere ildo beretik jo du: «Hogei urtetan konpondu ez duena ez diezaiola besteei egotzi», esan du.
Odon Elorzak Espainiako Gobernuko ministroekin «hauteskunde hitzarmena» sinatu zituela salatu du PPko udal bozeramaileak. Monpaseko pasabidea, esaterako, «hark zergatik ez zuen lehenago abian jarri» kritikatu du. Tabakalera pizteko Espainiako Gobernuak 2011n zazpi milioi euro jarri behar zituela eta Elorza alkate zela diru hori ez zuela eskatu adierazi du. Atotxako autobus geltokia abian jarri ahal izateko, halaber, Elorza alkate zenean eta PSOE Espainiako Gobernuan agintzen ari zen bitartean, Adifen baimenak ez zirela iritsi gogorarazi du Gomezek.
Donostiako Ezker Abertzaleak, bestalde, hirian «haize berriak» jotzen duela erantzun dio: «Politika egiteko beste modu bat da gaur egunean Donostiako Udaletik garatzen dena; beste helburu eta eredu baten eraikuntzan egiten da lan bertatik».
Odon Elorzari «zentzugabekeria» iruditzen zaio jada esleituta eta finantzatuta daude bi proiektu, Monpaseko pasabidea eta Atotxako autobus geltokia, «geldirik» egotea. Ezker abertzaleak geldirik dagoena «hormigoia eta espekulazioaren Donostia, ezkutuko interesen udal politika» dela argitu du. Donostia «inoiz baino biziago» dagoela uste dute eta «Donostiak behar dituen» azpiegitura eta proiektuak aurrera ateratzeko, «guztiari ez» dioen PSE-EE udal taldearen «jarrera suntsitzailea» albo batera utz dezala eta ekarpen politikoak egiten has dadila eskatu dute.

