Oposizioak bilketa pneumatikoarekin egin duten murrizketa salatu du

Zabor poltsak kale bazterretan botata egotea zerbitzuaren «erabilera txarraren» ondorio dela dio udal gobernuak

Krisiak zabor bilketan ere badu bere eragina. Udal gobernuak gastuak murrizteko asmoz, Loiola eta Loiolako Erriberan zaborra jasotzeko erabiltzen duten bilketa pneumatikoaren kontratua 220.000 euro izatetik 80.000 eurotan geratu da. Hori dela eta, bizilagunek ezingo dute ontziak birziklatzeko buzoi horira bota, gainontzeko auzoetan bezala, edukiontzi arruntetan bota beharko dituzte plastikozko hondakinak.

Erabakiak oposizioaren eta udal gobernuaren arteko ika-mika piztu du. PPko bozeramaileak, Ramon Gomezek, Loiolako Erriberan «edukiontziak desagertu» direla eta Bartzelona hiribidean «zabor usaina nagusi» dela esan du. Herritarrek egokitzeko denbora behar dutela gaineratu du. PSE-EEko zinegotzi Denis Itxasok ez du uste zabor bilketan murrizketak egitea erabaki aproposena denik. Kale garbiak hiriko «ikur» eta «turisten erakargarri» izan direla azpimarratu du. EAJko bozeramaileak, Eneko Goiak, berriz, Loiola eta Loiolako Erriberako egoera udal gobernuaren «inkoherentziaren adibide» dela zehaztu du. «Sistema pneumatikorako ekarpena txikitzen den bitartean, askoz ere sistema garestiagoa den atez atekoaren alde egiten du udal gobernuak», adierazi du EAJko bozeramaileak.

San Markoren eskumena

Nora Galparsoro Hiri Zerbitzuetako zinegotziak murrizketa arrazoitu du: «Krisi egoeran udal bakoitza bere eskuduntzen arduradun egiten da». Ontzien bilketa San Marko Mankomunitateari dagokiola esan du Galparsorok. Hortaz, bilketa pneumatikoaren ardura bere gain hartzea eskaini zietela azaldu du zinegotziak. Mankomunitateak, ordea, edukiontziak erabiltzearen alde egin duela jakinarazi du.

Edukiontziak jarrita ere, zabor poltsek kale bazterrak apaintzen dituzte. Egoera hori ez dela «zerbitzu txarraren errua» argitu du, «erabilera txarraren ondorio baizik». Edukiontzien aurrean zabor poltsak ikusi dituela eta horrek zaborra edukiontzira bota ez duenaren «jokabide kaxkarra» erakusten duela adierazi du. Zabor poltsak bere lekuan ez egotea murrizketen aurrean auzotarrek azaldu duten «jazarpenaren» erakusle izan daitekeela adierazi du Galparsorok. Beste arrazoeitako batzuk zerrendatu ditu zinegotziak: «Zerbitzuaren aurkako jarrera», «utzikeria» ala «batek gaizki egin eta beste batzuk atzetik jarraitzea».

Sistemarekin ados ez daudenei argi erantzun die Bilduko Hiri Zerbitzuetako zinegotziak: «Bilketa pneumatikoak abantaila eta desabantailak ditu: zaborra nahi dutenean bota dezaketela da abantailetako bat, gainontzeko auzoetan, berriz, ordutegi finkoa dute; desabantaila, ordea, zaborra buzoietan sartzeko tamaina jakin bateko poltsak erabili behar dituztela».

Zaborra Loiola eta Loiolako Erriberetako auzotarren buruhauste bilaka ez dadin, bizilagunekin bilera egingo dute gaur udal gobernuko ordezkariek. Murrizketaren arrazoiak azalduko dizkiete, dituzten kexak jasoko dituzte eta egoera nola konpondu aztertuko dute.

HITZAkide HITZAkide