Gizakiaren eta moluskuen arteko antzekotasunak jaso ditu Arrondok

‘Los moluscos y el hombre’ liburu mardula osatu du Antiguako egileak, bere jakinduria zabaltzeko asmoz

Ernesto Arrondo (Argazkia: Estitxu Zabala)

Oso gaztea zenetik du moluskuen inguruko interesa Ernesto Arrondok (Antigua, 1944), Donostiako uretan lagunekin urpean ibiltzen hasi zenetik. Zaletasun hori ongi baino hobeto islatu du argitaratu berri duen entziklopedia liburu mardulean: Los moluscos y el hombre. Aquariumean aurkeztu zuen bere liburua Arrondok, atzo goizean, lagunez eta adituz inguratuta, eta guztiek lausenguak baino ez zituzten izan egilearentzat. Azken batean, gizakia hain espezie berezia eta bakarra ez dela, eta moluskuekin antzekotasun asko dituela azaldu nahi izan du Arrondok. «Edozein orrialdeetan ireki eta ulertzeko moduko liburua da», nabarmendu zuen egileak. Arrondok molusku zerrenda bat baino gehiago osatu nahi izan du, eta hainbeste betetzen duen gai horretan ahalik eta gehien sakontzen saiatu da. Felix Maraña izan da edizioaren arduraduna, eta idatzia jaso zuenean, segituan oso ulerterraza zela konturatu oemen zen. «Irakurtzen ari nintzela, biologoa ez banaiz ere, guztia ulertzeko gai nintzela konturatu nintzen», aipatu zuen Marañak. Gainera, Marañaren ustez, eskoletan zabaltzeko ezin liburu aproposagoa da. Zabal hitz egin zuen Arrondok bere lanaz. «Gizakia umezurtz sentitzen da munduan, eta hori akatsa handia da. Izaki bereziak garela uste dugu, eta gainontzekoak ez dira izaki kaskarragoak inondik inora», aipatu zuen egileak. Urte askoan hainbat molusku espezie aztertzen eta ezagutzen aritu da Arrondo, bere jakinduria zabaltzeko asmoarekin. Hala, hainbat herrialdeetan dituen lagunen bitartez, milaka molusku batzea lortu du. Guztira, 12.000 espezie izatera iritsi da Arrondo, eta horiek guztiak Aquariumari eman dizkio. Argitalpena
  • Izenburua. Los moluscos y el hombre.
  • Egilea. Ernesto Arrondo Odriozola (Antigua, 1944).
  • Argitaratzaileak. Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea, Aquarium eta Kutxa.
  • Orrialde kopurua. 429.
HITZAkide HITZAkide