Kirol instalazioetan Gabon zaharreko jaiak egitea debekatu dute
Segurtasun arazoak ekarri ditzaketen ekitaldi jendetsuak saihestea da helburua
Kiroletako Udal Patronatuak gaur goizean egindako bileran adostu du aurrerantzean kirol instalazioetan kotilioi eta Gabon zaharreko jaiak ospatzeko jarduerak eta ekitaldiak debekatzea. Neurri hau ekitaldi jendetsuak segurtasun baldintzak betetzen ez dituzten ekipamenduetan egin ez daitezen hartu dutela adierazi dute kirol patronatutik. Halaber, ekitaldi hauek udal instalazioetan eragiten dituzten kalteak saihestu eta eraikin publiko horien jardun pribatua murriztu nahi dute.
Kirol jardueretarako eta gizarte zein kultura jardueretarako
Horretarako araudiaren 35. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatu dute. Hemendik aurrera horrela esango du paragrafo horrek: “Kiroletako Udal Patronatuaren organo eskudunak nahi duenari laga ahal izango dizkio kirol-instalazioak, hirugarrenek antolatutako kirol-jardueretarako edo beste gizarte edo kultura jardueretarako. Halaber, berak aukeratutakoari laga ahal izango dio bere titulartasuneko kirol-ekipamendua. Hala ere, ekitaldien edo jardueren helburuak kotilioi edo Gabon zaharreko jaiak antolatu eta ospatzeko helburua izango balute ez da lagapena baimenduko, eta hori hala zuzeneko kudeaketaren kirol instalazioetan nola zeharkako kudeaketaren instalazioetan ere”.
Udal gobernuaren proposamena, beraz, aurrera atera da. Josu Ruiz Kiroletako zinegotziak jada iragan azaroaren 29an badaezpadako neurri gisa ez zuen onartu Atano III. frontoian eta Gaska Kiroldegian kotilioiak egitea. Orduan bertan proposatu zuen araudian aldaketa egitea segurtasun arazoak sor ditzaketen ekitaldiak debekatu ahal izateko. Hauxe da orain aurrera atera den proposamena.