1813ko gertaerak oroitzeko ekitaldiak taldean adostu nahi ditu PSEk
Datorren urtean soldaduek txikitutako hiria hondamenditik berpiztu zela bigarren mendeurrena beteko da eta behar bezala ospatzeko udal gobernuko kideak prestaketa lanekin denboraz «estu eta larri» dabiltzala uste du Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak. «Bilduko ordezkariak lanean ari direla diote, baina ez dute bestelako argibiderik eman; Giza Eskubideen Saileko teknikari bat proposamenak jasotzen ari dela da dakigun gauza bakarra», adierazi du zinegotziak.
PSE-EEk ez du uste hori nahikoa denik. Ekitaldi sorta prestatzeko, helburuak eta eman beharreko pausoak finkatu behar direla eta denek proposamena aurkeztu eta iritzia emateko aukera izan dezaten, lan talde bat osatu behar dela aditzera eman du. Proposamenak gainontzeko taldeen babesa izan dezan, mozioa aurkeztuko du PSE-EEk; PP, behinik behin, bat egiteko prest agertu da.

