Bukatu dira Gabon zaharreko festak udal kiroldegietan
Herritarren segurtasuna bermatzeko neurria dela adierazi du Josu Ruiz zinegotziak
Gaska kiroldegian, Atano III.ean, Illunben… Azken urteetan hamaika Gabon zaharreko jaialdi antolatu dituzte kiroldegietan. 2011ko abenduaren 31n ere festa antolatzekotan ziren Atano III.a pilotalekuan eta Gaska kiroldegian. Josu Ruiz Kirol zinegotziak, ordea, baimenik ez zuen eman, badaezpadako neurri gisa. Azken batean, horrelako festak antolatzeko leku aproposagoak daudela erabaki zuten. Hemendik aurrera, bada, ez Atano III.enean ez Gaskan ezta hiriko beste udal kirol instalazioetan ere, Kirol Patronatuak kirol ekipamenduetan Gabon zaharreko jaiak antolatzeko debekua onartu baitu.
Horretarako indarrean dagoen araudia moldatu dute. 35. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldatu dute, hain justu. Honela dio arauak: «ekitaldien edo jardueren helburuak kotilioi edo Gabon zaharreko jaiak antolatu eta ospatzeko helburua izango balute ez da (kirol instalazioen) lagapena baimenduko». Hala ere, «kirol-jardueretarako edo beste gizarte edo kultura jardueretarako» baimena eskuratzeko aukera dagoela zehazten du araudiak.
Aldaketa horren bitartez, ekitaldiok eragiten dituzten kalte materialak saihestu nahi dituzte. Era berean, eraikin publikoetan jarduera pribatuak burutzea ekidin nahi dute.
Josu Ruiz zinegotziak, bestalde, herritarren segurtasuna bermatzeko neurria dela nabarmendu du: «Denok ditugu iraganeko egoera latzak gogoan; hori dela eta, pertsonen segurtasuna bermatzeko neurri hau hartu nahi izan dugu, horrelako jaialdiak antolatzeko bestelako gune eta ekipamenduak daudela ulertzen baitugu».
Debeku horren bitartez, halaber, ostalaritza elkarteak egindako eskaera aintzat hartu dutela zehaztu du Bilduko zinegotziak.

