EAJk hiriko ekonomia suspertzeko plana indartzeko beharra plazaratu du
Altzan ez ezik, beste auzo batzuetan ere neurri bereziak hartu beharko liratekeela esan du Iñaki Gurrutxagak
Krisi ekonomikoak eta langabeziak donostiarren kezka eta buruhauste nagusi izaten jarraitzen du. Langabezi tasek, gainera, ez dute itxaropenerako zirrikiturik zabaltzen. Abenduan, 9.806 langabe zeuden hirian eta martxoan mila lagun gehiago ari dira lan bila, 10.985. Mila lanpostutik gora sortzeko, udalak, Sustapen Elkartearen bitartez, hiriko ekonomia suspertzeko plana aurkeztu zuen. Egitasmo horrek egoera arintzen lagun dezakeen arren, planak «handizaleagoa» izan beharko lukeela nabarmendu du EAJk. Datorren asteko osoko bilkuran aurkeztuko duen mozioaren bitartez, ekonomia suspertzeko neurriak zertan oinarritu beharko liratekeen azalduko du Iñaki Gurrutxaga zinegotzi jeltzaleak.
Enplegua pizteko egitasmoak, hala nola, krisiak bereziki zigortu duen eremu bat du ardatz: Altza. Altzak daturik okerrenak dituen arren, egoera parean dauden beste auzo batzuetan –Intxaurrondo, Loiola eta Martutene, besteak beste– ere neurri bereziak hartu beharko liratekeela adierazi du.
Egitasmoaren gabezia nabarmenetako bat, gainera, erakunde eta udal sailen arteko «koordinazio eta elkarlan falta» dela aditzera eman du zinegotzi jeltzaleak. Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen eta lurraldeko ekonomia gero eta lehiakorragoa izatea helburu duen Spri taldearekin edota Zuatzu eta Miramongo teknologia parkeekin elkarlanean aritzeko aukera bilatu beharko litzatekeela jarri du Iñaki Gurrutxagak adibide.
Donostia 2016
EAJko zinegotziak, bestalde, 2016an Europako Kulturaren Hiriburu bilakatzeak hiriarentzat izango duen garrantziaz ohartarazi du. «Ekonomia pizteko aukera paregabea» dela eta ostalari nahiz hoteletako arduradunentzat giltzarri izan daitekeela uste du. Turismoak hirian duen indarra betidanik handia izan dela eta horri eusteko ahaleginak egitea beharrezko jo du.
Denda eta tabernetako kontsumoa handitu eta bertan lanean ari diren langileen enplegua arriskuan egon ez dadin, udalak egitekorik baduela azpimarratu du Iñaki Gurrutxagak, halaber. Besteak beste, erosle eta bezeroak erakartzeko baldintzak jar ditzakeela zehaztu du eta horretarako, kaleak oinezko bihurtzeko aukera nabarmendu du.
Grosen, Peña y Goñi kalea aipatu du Iñaki Gurrutxagak. Kursaal aldetik dabilen jendea barrualdeko kaleetara erakartzeko bitartekoak eskaini behar direla adierazi du. Hala, Peña y Goñi kalea oinezko bihurtzea aukeretako bat izan daitekeela azaldu du. Amaran, berriz, Isabel II.aren kalean Irun plaza eta Madril hiribide arteko tarte bat proposatu du oinezko bihurtzea.

