Andres Arizkorreta, Enrike Etxeburua eta Juan Pablo Fusi jakitun izendatu dituzte
Jesus Mari Ugaldek ordezkatuko du Pedro Migel Etxenike Jakiunde akademiaren presidentetzan. Ohiko bilkuran osatu den Mahaiko kide hautatu dute Jose Luis de La Cuesta.
Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak ohiko bilkura egin du goizean Miramar Jauregian. Bertan, Pedro Migel Etxenikek presidentetzari agur esan dio, eta Kimikan eta Fisikan katedradun Jesus Mari Ugalde bergaratarra hautatu dute bera ordezkatzeko. Etxenikek karguan jarraitzeko gogoa izan arre, utzi du akademia “nirekin identifikatu ez dadin”. Jakitunek, eskertza gisa, ohorezko presidente izendatu dute fisikaria.
Presidente berriarekin batera, Mahaiaren osaketa ere bozkatu dute, eta Jose Luis De la Cuesta donostiarra aukeratu dute organu exekutiboan parte hartzeko. Bestalde, hamabi kide oso –jakitun– izendatu dituzte, horien artean hiru donostiar: Andres Arizkorreta ekonomilaria, Enrique Etxeburua psikologoa eta Juan Pablo Fusi historialaria.
2007an sortutako akademiak lehen urteotan eratze eta barnera begirako lana egin du. Datozen lau urteen ardatza, aldiz, Jakiunde gizarteratu eta ezagutzera ematea izango da. Ugaldek EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekin elkarlana sakondu, eta xede duen moduan, maila goreneko aholkularitza erakunde bilakatzeko pausoak eman behar ditu. “Eraikia dago, orain lana egin behar du eta eman egin behar dio sortu duen gizarteari”, laburbildu du Ugartek, akademien erritmoa “motela” dela gogoratu ondoren.