Antso Jakitunaren eta Pio XII arteko bidegorri zuzena egin nahi du udal gobernuak
Antso Jakitunaren hiribidearen erdian dauden autoak kentzea aztertzen ari da Mugikortasun saila, bidegorriari lekua egiteko
Easo kaleko eta Errondo pasealekuko bidegorriak lotzeko, Antso Jakituna eta Sahats plaza zeharkatzen dituen bizikleta bidea marraztu zuten. Bidegorri horrek txirrindulari eta oinezkoen artean arazoak sortzen dituela ikusi dute, eta beste aukera batzuk aztertzen ari dira. PP udal taldeko ordezkariak ere arazoaz jabetu dira eta konponbide bat bilatzea beharrezkotzat jo dute.
Iñigo Arcauz PPko zinegotziak aurreratu duenez, Easo eta Pio XII bitartean, Antso Jakitunaren hiribidea zeharkatuko duen bidegorri bat egitea aztertzen ari da Mugikortasun Saila. Sahats plazaren parean, hain justu, txirrindulariak plazara bideratu beharrean, Antso Jakitunaren hiribidetik aurrera jarraitzearen aldekoak dira Mugikortasun saileko teknikariak. Horretarako, hiribidearen erdian autoentzat dagoen eremua baliatu nahi dutela azaldu du Arcauzek. Autoak eta landare hesia dagoen tokian, beraz, Pio XII plazako bidegorrira heltzeko bidegorria egitearen aldekoak dira.
PPko zinegotziek, aitzitik, ez dute uste Mugikortasun Saileko arduradunen proposamena egokiena denik, ez direlako autoa uzteko tokiak kentzearen aldekoak. Bidegorria Errondo pasealekutik bideratzea nahiago dute.
Hala ere, mahai gainean dituzten proposamenak Mugikortasun Aholkularitza Batzordean aurkezteko eskatu dio Arcauzek Jon Albizu Mugikortasun zinegotziari, eragile nagusien iritzia jaso ahal izateko.