Gaitasunak hormetan erakutsiz

ONCE Euskadiren XI. Nazioarteko Argazki Lehiaketaren irabazleen eta hainbat parte hartzaileren lanak daude ikusgai. (Argazkia: Mikel Goñi)
2011n ONCE Euskadik XI. Nazioarteko Argazki Lehiaketara deitu zuen. Parte hartu zuten 1.423 argazkietatik 72 onenak jarri dituzte ikusgai oraingo erakusketan. Lan hauek maiatzaren 27ra arte ikusi ahal izango dira goiz eta arratsaldez, asteartetik igandera.
Nazioarteko lehiaketa denez, jatorri askotako artelanak daude hautaketan, eta horrek, forma eta gaiari dagokionez, askotarikoa egiten du bilduma. Esaterako, lehen saria Vietnamgo Tuan Hoang Quoc-ek irabazi du, xaboi burbuilak ukitzen ari den mutil itsua erakusten duen Ikustea desiratzen argazkiari esker. Makuluak zapaltzen ari diren oin batzuei atera die argazkia Nicaraguan bizi den Antonio Aragon espainiarrak, eta Haurrak III izeneko lan horrek eskuratu du bigarren saria. Hirugarrena ere Vietnamgo argazkilari batek irabazi du. Kasu honetan, metaforak albo batera utzita, aulki-triziklo baten gainean eskola ematen ari den irakaslearen erretratua egin du Phuc Hgo Quang-ek. Hala ere, donostiarrek gertuagoko irudiak ikusteko aukera ere izango dute. Izan ere, aukeratutako lanen artean, ez baitira falta hirian egindakoak. Erakusketak, beraz, Guztientzako mundu bat, ezintasunak gaindituz izenari men egiten dio, eta munduan ezintasunak ezberdin ikusten direla erakusten du.
Horrez gain, irudiek modu baikor eta estetikoan ezintasunak dituzten pertsonen gaitasunak nabarmentzen dituzte. Hori dela eta, Kutxa Boulevardeko beheko solairuan asko dira kirol edota bestelako jarduera egokituetan diharduten pertsonen argazkiak. 1mgoni@hitza.info

