"Lehendabiziko nobelatik emakume batek bultzatu nau idaztera"
Ramon Saizarbitoriak Martutene eleberria aurkeztu du
Bederatzi urteko isiltasunaren ondoren Ramon Saizarbitoria literaturaren plazara itzuli da. Ikusmin handia piztu du bere azken nobelak, Martutene.
Donostiako auzoan girotuta dago istorioa. Bi bikote dira protagonista, baina Saizarbitoriaren hitzetan, bi emakume dira liburuaren ardatza: “Emakumeez idaztea gustatzen zait, naturala egiten zait. Lehendabiziko nobelatik emakume batek bultzatu ninduen idaztera eta zerbait kontatzera”.
Maitasun ezaz, erruaz, emakumeez, Martutenez… Hainbat gairi askatasun osoz heldu die idazle donostiarrak. Erein argitaletxeak argitaratu du liburua. Liburu mardula osatu du Saizarbitoriak, 782 orrialdekoa. “Badakit luzea dela. ‘Hurrengo liburua noizko?’ Galdetzen zidaten, eta urte hauek justifikatzeko edo, potoloa atera da”.