Liburuaren Eguneko Azoka Gipuzkoa plazara itzuliko da
Liburu salduenek ez dute Zilarrezko Euskal Saria jasoko, etenaldia egitea erabaki baitute saltzaileek
Liburuaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 23a, hau da, datorren astelehena. Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak eta Liburu denden Elkarteak bat egingo dute aurten ere egun honetan, eta egitarau zabala antolatu dute: ipuin kontalariak, literatur solasaldiak… Donostiako liburu dendek azoka baten bidez ospatu ohi dute eguna; iaz, ordea, liburu denden barruan geratu zen ospakizuna. Izan ere, iazko apirilaren 23a, larunbat santua zen, eta dendariek ez zuten Aste Santuko oporrek azoka zapuztea nahi izan. Aurten, ordea, saltzaileak berriro ere kalera irtengo dira, eta azoka jarriko dute Gipuzkoa plazan, aurreko urteetan ohikoa izan den bezala. Hori bai, Zilarrezko Euskal Saririk ez da izango aurtengoan. Aurreko edizioetan, azokan gehien saldutako euskarazko zein gaztelerazko liburuek Zilarrezko Euskal Saria jaso izan dute, baina aurten, saririk ez ematea erabaki dute saltzaileek. «Sarien inguruan hausnarketa egiteko etenaldia egitea erabaki dugu», adierazi zuen aurkezpenean Andoni Arantzegik, Gipuzkoako liburu denden elkarteko presidenteak.
Astelehenean, 9:30ean zabalduko ditu ateak azokak, eta 21:00ak arte izango da zabalik Guztira, hamar postu jarriko dituzte saltzaileek, herritarrengana hurbiltzeko asmoarekin. Egun horretan ohikoa den moduan, liburu guztiek %10 deskontua izango dute. Eta horretaz gain, azokan bost euroko gastua egiten duten erosleen artean, liburuak zozkatuko dituzte, 300 guztira.
Datozen bi asteetan, gehiago
Bestetik, hiriko udal liburutegiek ere bat egingo dute ospakizunarekin, eta apirilean zehar hainbat ekimen egingo dituzte. Aurten Charles Dickens idazlearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute, eta irakurketa publikoan haren testuak irakurriko dituzte, azokan bertan, 19:00etan. Kartelean ere, Dickens gogoan izan du Iban Barrenetxea Elgoibartarrak.
San telmo Museoan, bestalde, arte liburuen bookcrossinga hasiko dute, bertako liburutegian. Bookcrossingaren helburua, liburu bidaiariak osatzea da. Hau da, irakurle baten eskuetatik beste baten eskuetara iritsiko diren liburuak izatea. Lehenago ere egin izan dituzte halako saiakerak hirian, baina ez dute arrakastarik izan. Hala ere, atzerriko hainbat herrialdeetan asko egiten dela aipatu zuten. Beraz, berriro ere saiakera egingo dute.