Antiguako zuzendariak ‘Camera obscura’rekin parte hartuko du, gaur, Giza Eskubideen X. Zinemaldian

Basque Filmseko Carlos Juarez, Leyre Berrocal aktorea eta Maru Solores zuzendari antiguatarra. (Argazkia; Estitxu Zabala)
Gaur abiatuko da Giza Eskubideen X. Zinemaldia, eta Mathieu Kassovitzen
L’ordre et la morale filmak emango dio hasiera. Aurtengo sail ofizialean, hamasei film luze eta hamalau film labur izango dira lehian. Horien artean, Euskal Herrian ekoitzitako hiru film lehiatuko dira, Maru Soloresen
Camera obscura, Jon Maiaren
Gazta zati bat, eta Oriol Andres, Carlos Castro eta Gemma Garciaren
Ziztadak.
Maru Solores antiguatarra da, eta
Camera obscura bere lehen film luzea da. Filmaren berri zehatzagoa emateko, prentsaurrekoa eskaini zuen atzo goizean, Leyre Berrocal aktorea eta Basque Filmeko Carlos Juarez ondoan zituela. Dagoneko filma beste herrialde batzuetan aurkeztu duten arren, bere etxean erakusteak ilusio handia egiten diola onartu zuen Soloresek. Gainera, donostiar kutsu bikoitza du filmak, Soloresek zuzentzeaz gain, Josean Bengoetxea aktore egiatarrak parte hartu baitu.
Ane da pelikulako protagonista, 13 urteko nerabe itsua; eta bere egunerokotasunari nola aurre egiten dion jabetuko da ikuslea. Izan ere, gurasoak alabaren begiak operatzeko dirua biltzen ari diren bitartean, edozein nerabek izaten dituen momentuetatik igaroko da Ane, lehen amodioa, lehen hilerokoa… Zehazki, aurretik egin zuen Dordoka uhartea film laburraren harira otu zitzaion Soloresi film berrirako ideia. «Dordoka uharteko haurra nerabezaroan sartuta irudikatu nuen, eta ondoren bere bizitza propioa hartu zuen», adierazi zuen zuzendariak. Pertsonaia nagusia itsua izateak, joko asko emango zioela pentsatu zuen Soloresek, eta hortik tiraka hasi zen. Aneren pertsonaia, Jacqueline Duartek bete du. Onceren bidez casting bat egin ondoren hautatu zuten, eta oso «profesionala» izan dela diote arduradunek. «Oso esperientzia berezia izan da, etengabe ikasten aritu gara, eta bera izan da guztietan profesionalena», aipatu zuen Berrocalek. Filma egiterakoan, itsuengan eta gorrengan ere pentsatu du zuzendariak; «ikuslearentzat erronka bat da Aneren azalean sartzea. Berak sentitzen duena islatzen saiatu naiz, eta askotan soinuari irudiei baino garrantzia gehiago eman diet. Soinua eta irudia ohikoak ez diren moduan elkarlortzen ere saiatu naiz». Gaur proiektatuko dute Camera obscura filma Viktoria Eugenia Antzokian, 22:30ean. Sarrerak 4 eurotan daude salgai, gainontzeko filmeetarako bezalaxe.
Bestetik, euskarazko bederatzi film proiektatuko dituzte, horietako hiru, haurrentzako saioan. Gazteen Sarirako hamalau film labur lehiatuko dira, tartean, Angel Maria Sandimasen Gernika, Jose Luis Zumetaren parte hartzearekin. Film labur horiek, film luzeen aurretik eskainiko dituzte.
Hitzaldiak, erakusketa…
Pelikulez gain, solasaldiak eta erakusketak ere antolatu dituzte. Erakusketetako bat, Haurralde Fundazioak antolatutako
Afrika Zabaldu da, eta Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian jarri dute.
Iciar Bollain zuzendariaren ibilbidea sarituko dute: Aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria Iciar Bollainek jasoko du. Aktore eta zuzendariaren ibilbidea saritu nahi dute, eta horretarako, bere gidaritzapean egindako Tambien la lluvia filma eskainiko dute zinemaldian. Arduradunen ustez, Bollainen ibilbidea «aparta» da, eta giza eskubideen urraketak salatu izan ditu bere filmeen bidez. Bestetik, Amnesty Internationalek ere sari bat jasoko du.
Giza Eskubideen X. Zinemaldiaren egitaraua; Viktoria Eugenia Antzokia, apirilak 20-27
- Gaur, apirilak 20
19:00. Mathieu Kassovitzen L’ Ordre et la morale (Frantzia).
22:30. Maru Soloresen Camera Obscura (Euskal Herria).
- Bihar, apirilak 21
16:30. Catherine Scotten Scarlet Road (Australia).
19:00. Jon Maiaren Gazta zati bat (Euskal Herria).
22:30. Robert Guediguianen Les neiges du Kilimandjaro (Frantzia).
- Etzi, apirilak 22
16:30. Philippe Falardeauren Monsieur Lazhar (Kanada).
19:00. Roberto Lozanoren Los ojos de la guerra (Espainia).
22:30. Maryan Keshavarzen Circumstance (AEB, Iran, Frantzia eta Libano).
- Apirilak 23, astelehena
16:30. Jafar Panahi eta Mojtaba Mirtahmasben This is not a film (Iran).
19:00. Franand Melgarren Vol special (Suitza).
- Apirilak 24, asteartea
16:30. Oriol Andres, Carlos Castro eta Gemma Garciaren Ziztadak (Euskal Herria, Herrialde Katalanak).
19:00. Manuel H. Martinen 30 años de oscuridad (Espainia).
- Apirilak 25, asteazkena
16:30. Markus Schleinzerren Michael (Austria).
19:00. Alvaro Longoriaren Hijos de las nuves, la ultima colonia (Espainia, AEB).
- Apirilak 26, osteguna
16:30. Nemesio M. Sobrevilaren Zinea eta gerra zibila Euskal Herrian (Euskal Herria).
19:00. Michael Collinsen Give up Tomorrow (AEB).
20:30. Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta, dantza egingo dute Zuloaga plazan.
- Apirilak 27, ostirala
16:30. Iciar Bollainen Tambien la lluvia (Espainia, Mexiko). Lehiaketatik kanpo dago eta sarrera doakoa izango da.
19:00. Pedro Perez-Rosadoren Wilaya (Espainia). Lehiaketatik kanpo.
- Apirilak 28, larunbata
14:00. Musika parkean: McEnroeren emanaldia Aieteko parkean. Sarrera doakoa.