Ikasbide ikastolako egoitza berria inauguratu dute
Eskolak sukaldea eta psikomotrizitate gela dituela nabarmendu du Amaia Lumbreras ikastolako zuzendariak
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeak eraikin berean daude orain
1967. urtean, Isabel II.aren 15ean, Ikasbide kultur elkartean, abiatu zuten ikastola proiektua koskortu egin da eta bere neurrira egindako eraikina du orain Loiolako Erriberan. 45 urteotan pixkanaka joan da hazten, harik eta egungo beharretara egokitutako eraikina izatera iritsi den arte. Irailean estreinatu zuten Ikasbideko ikasleek Loiolako Erriberako egoitza; inaugurazio ofiziala, ordea, atzo egin zuten. Eusko Jaurlaritzako eta Donostiako Udaleko hainbat ordezkarik hatu zuten parte ekitaldian. Tartean, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak eta Juan Karlos Izagirre alkateak.
Irailetik, beraz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrak eraikin berean daude. Aurreko ikasturtera arte txikienak Jose Maria Salaberria kaleko 14. atariko eraikinera zihoazen. Lehen Hezkuntzako ikasleak, berriz, Zorroagako Alkano etxera. Orain, ikastolako zuzendari Amaia Lumbrerasek azpimarratu duen bezala, gune berean hezten dituzte 2-12 urte bitarteko haurrak. Oraindik lekualdatu berritan direla-eta eraikina ondo antolatu eta hornitzea falta bazaie ere, «pozik» daudela zehaztu du. Libre geratu den Amarako eraikina Katalina Erausoren esku geratu da eta Zorroagakoa Gurutze Gorriari itzuli diote.
Ikastola eraikitzeko orubea onena ez zela onartu du ikastolako zuzendariak. Lursailak zituen trabei, aldiz, eraikinaren diseinuak «ederki» erantzun diela jakinarazi du. Ilargi erdi baten itxura du eraikinak eta autobideak sortzen duen zaratak endredorik txikiena ere ez sortzeko pentsatuta dagoela argitu du. Zaratak umeen arreta galarazi ez dezan, gelak barrualdean jarri dituzte eta musika gela edota mediateka kanpoaldera; alegia, autobidea dagoen aldera begira, azaldu du.
Amaia Lumbrerasek, era berean, ikastolako bi eremu nagusi nabarmendu ditu: sukaldea eta psikomotrizitate gela. Azken hori ikastolaren aldarrikapen nagusietako bat izan zela eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aintzat hartu duela jakinarazi du. Lumbrerasek, halaber, sukaldea eskolan bertan egotea txalotu du.
«Arnas berria»
Zuzendaria bezain gustura dira ikasleak ere egoitza berriarekin. Hala adierazi zuten haurrek inaugurazio ekitaldira hurbildu ziren agintariei eskaini zizkieten bertsoetan. Arbela digitalak, gimnasio zabala, Eskola 2.0 gela… Eskolak eskaintzen dituen zerbitzu guztien berri eman zuten umeek. Zalantzarik izan ez zezaten, ikastolako gela eta txoko guztiak erakutsi zizkien zuzendariak bi erakundeetako ordezkariei.
Bi solairuko eraikinak Ikasbideri «arnas berria» eman diola adierazi du Isabel Zelaa sailburuak. 1994an, ikastetxe publiko bihurtu zenetik ikastolaren garapena gertutik jarraitu duela eta Loiolako Erriberako ekipamenduak «Donostiaren itxaropen eta ametsak betetzen» lagunduko duela esan du. Hezkuntzak, gainera, gizartearen eta norbanakoaren aldaketaren ardatz izan behar duela helarazi die jolastokian bildutako ikasleei. Ikastetxeek mundua aldatzeko giltzarri izan behar dutela aditzera eman du. Hortaz, hezkuntza sistema bere horretan mantentzeko ahaleginari eutsiko diola agindu du Zelaak komunikabideen aurrean.
Espainiako Gobernuak ezarri nahi dituen murrizketek euskal eskuduntzengan zein eragin izan dezaketen «zorrotz» aztertuko dutela azaldu du sailburuak; eta horiek ahulduko balitu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joateko prest egongo liratekeela berretsi du. Unibertsitate tasen inguruan Eusko Jaurlaritzak KPIa ezarriko duela agindu du, era berean.
Sailburuaren bisita aprobetxatuta, LAB sindikatuko hainbat ordezkari Loiolako Erriberara hurbildu ziren atzo, eta hezkuntza arloan aurreikusi dituzten murrizketak gurean ez ezartzeko aldarrikatu zuten. Pankarta bat zabaldu zuten eta zerbitzu publikoak defendatzearen aldeko oihuak bota zituzten sailburua inaugurazio ekitaldian zegoen bitartean.

