Iñigo Legorburu: "Helburua jendeak kantuan gozatzea eta bertso doinu gehiago ikastea da"
Bagera eta Txirain elkarteek hirugarren aldiz antolatu dute Bertso Doinu Ikastaroa, eta berriro, errenteriarra ariko da irakasle.
Iñigo Legorburu (Errenteria, 1976) bertsopaperen zalea da, Hauek erabilita doinu zahar nahiz berriak irakatsiko dizkie ikastaroko partaideei. Ahotsa alde batera utzita, bertsotan eta kantuan aritzea gustuko dituztenak gonbidatu ditu doako saioetan parte hartzera.
Hirugarren urtea duzu irakasle. Nolako bizipena izan da orain artekoa?
Orain arteko esperientzia ederra izan da. Jende jatorra eta bertsozalea bildu da, agian bertsolarien teknika ulertu ez, baina bertsolariak miresten dituena. Gu, ahal duguna azaltzen saiatuko gara…
Zein da ikastaroaren helburua?
Helburua jendeak kantuan gozatzea eta bertso doinu gehiago ikastea da, norberaren gozagarri. Bertsoaren teknika oso azaletik landuko dugu, ez dugu nahi inor bertsologo bihurtzea.
Bertsoen doinuari baino hitzei erreparatzen die entzuleak. Zer garrantzia du doinuak?
Bertsoaren hitzei giroa eta testuingurua ematen die. Nolabaiteko atmosfera sorrarazten du, egileak bere mezua zuzen igor dezan: Hileta bateko bertsotan, nekez hasiko zara zortziko txikian eta brometan kantari; edo, alderantziz, parranda giroan habanerazko bertso tragiko batzuk abestea ere ez da oso ohikoa, ezta? Bertso bakoitzak du bere doinua, Andoni Egañak “kolorea” deitzen dio horri.
Nola egituratu duzu ikastaroa?
Asteartetan ordubetez elkartu eta, aldi bakoitzean, pare bat sorta kantatuko ditugu. Sorta osoak kantatzearen helburua da lehenengo bertsoan doinua erdipurdi kontrolatzen baduzu, seigarren bertsorako jada guztiz menderatua izatea. Gero, bertso-sortari buruz hitz egin eta gustatu zaizkigun edo ez zaizkigun gauzak nabarmentzen ditugu, tartean bertsoaren teknika, errimak eta neurriak.
Zein doinu landuko dituzue?
Doinutegia anitza izango da, antzinako Bilintxen Juana Bixenta Olabe-tik hasita, iazko Xabier Silveiraren ETAren su etenetik doinuraino, adibidez.
Horretarako bertsopaperak erabiliko dituzue. Norenak?
Tartean, Jon Enbeita, Karmele Mitxelena, Aitor Albistur, Xabier Amuriza… eta beste hainbaten sortak kantatuko ditugu.
Zure bertsopaperen bat erabiliko al duzu?
Nire sortak ere kantatuko ditugu, noski! Horrela, ikasleek maisua kritikatzeko aukera izango dute [barrez].
Bertsopaper lehiaketa batzuk irabazia zara. Zer dute berezi?
Nahi den gaia tratatzeko aukera, herriko kale-hizkeratik oso hurbilekoa eta genero literariotzat hartzen dela gaur egun, kontakizuna eta poesia bezala. Bere araudi propioa dute bertsopaperek.
Doinuez gain, hauen edukiaz eta historiaz ere ariko zarete, ezta?
Saiatuko gara bertsopaper bakoitza testuinguruan kokatzen, nork idatzi zituen, zergatik… azalduz.
Nor gonbidatuko zenuke parte hartzera?
Gonbidatua dago kantua eta bertsoa gustuko duen edonor, ahots konplexurik ez daukana. Lagunarte atsegina osatzea da helburua. Gazteak animatuko nituzke bereziki. Orain arte, helduak etorri dira batez ere, izan ere, badirudi kantuaren kultura helduengan txertatuago dagoela gazteengan baino.
Ikastaroak Txirain Bertso Hautatu Lehiaketarekin lotura estua du. Ikasleek bertan parte hartzea nahi duzue, ezta?
Ikasleak, hori bai, inor behartu gabe, ekainean egiten den bertso afarian protagonista izatea nahiko genuke. Euren gustuko bertso batzuk aukeratu eta jende aurrean papera irakurriz abestea ederra izango zen. Azken finean, bertso-afari herrikoia da, inori ez zaio eskatzen ahots bikainik edukitzea; kantatzeko grina nahikoa da.
BERTSO DOINU IKASTAROA
- Non. Antiguako Txirain elkartea.
- Noiz. Maiatzaren 8tik ekainaren 12ra. Astearteetan, 19:00etan.
- Izen emate epea. Maiatzaren 4a arte.
- Izen ematea. Bagera Elkartera deituta, 943-467181
- Prezioa. Doakoa.


