Indarkeriarik gabeko hainbat ekimen bildu ditu ‘Ziztadak’ filmak
Euskal Herriko eta Kataluniako bi talderen artean sortu dute dokumentala, eta gaur estreinatuko dute, 16:30ean, Giza Eskubideen Zinemaldiaren barnean
Euskal Herrian izandako hainbat herri mugimenduren inguruan dihardu Ziztadak (Tabanos) film dokumentalak; zerbitzu militarraren aurrean sortutako intsumisioa, Itoizko urtegiaren eta Lemoizko zentral nuklearraren aurkako protestak, ikastolen sorrera… Horiek guztiak desobedientzia zibilaz sortu ziren, eta bortizkeriarik gabeko ekimenak izan ziren. Beraien bidez hainbat lorpen egin zirela erakutsi nahi izan dute egileek.
Bidea Helburu euskal taldeak eta Fora de Quadre Kataluniako Kazetaritza Elkarteak elkarrekin sortutako lana da Ziztadak. Azken batean, Bidea Helburu taldeak 2009an argitaratutako Indarkeriarik gabeko 500 ekintza. Historia kontatzeko beste modu bat liburua da filmaren oinarria.
1963an espetxean zela, bere jarraitzaileak mugiarazteko aipatu zuen Martin Luther Kingek Ezparak (Tabanos) bezalakoak izan behar zutela. Hori gogora ekartzen dute filmaren hasieran, eta horixe da dokumentalari gaztelerazko izena eman dioena, Tabanos. Euskaraz, berriz, Ziztadak hautatu dute, horixe baita Ezparek egiten dutena, eta horixe baita filmak egin duena, batetik eta bestetik ziztadak hartu. Filmak bortizkeriarik gabeko mugimenduak biltzen ditu, hainbat etxeetan legez kanpo sortutako ikastoletatik hasi eta Errekaldeko Kukutza Gaztetxeraino. Hala ere, sortzaileek argi utzi nahi izan zuten aurkezpenean, euren helburua ez zela historiaren errepaso bat egitea. «Bortizkeriarik gabeko ekintzen filosofia azaldu nahi izan dugu, adibideen bidez», esan zuen Gemma Garciak, filmeko zuzendarietako batek. Garciarekin batera, Oriol Andres eta Carlos Castro aritu dira zuzendari lanetan. «Indarkeriarik gabeko ekintzek aldaketa eragin dezakete, eta iraganaren zati izateaz gain, orainaren eta etorkizunaren zati ere izan behar dute», gehitu zuen Garciak.
Bidea Helburu taldeko kidea da Sabino Ormazabal (Antigua, 1953). Proiektuaren bultzatzaileetako bat izan da eta dokumentalean ere parte hartu du, kamara aurrean zein atzean. «Gure ustez posible da historia beste modu batera kontatzea», esan du Sabino Ormazabalek. Lemoizko zentral nuklearraren aurka aritu zen Ormazabal, eta horren berri ematen du filmean. Izan ere, filma 21 elkarrizketek osatzen dute, eta elkarrizketa bakoitza gertakarien tokian egin dute, errealitatera gehiago hurbiltzeko. «Gai asko kanpoan geratu dira», gogorarazi zuen Ormazabalek. Ikastolen kontuaz, esaterako, Kontxita Beitia andereño donostiarrak hitz egiten du, hamar ikasle zituela gogoraraziz, besteak beste. Azken batean, «eztabaidak jarraitzea» nahi dutela esan zuen Ormazabalek.



