Jon Maia: "Proiekzioa bukatu zenean, hiru txaloaldi luze egon ziren, oso sentikorrak"
Jon Maia: ‘Gazta zati bat’ filmaren zuzendaria
Brian Currin Hegoafrikako abokatua, eta Euskal Herriko hainbat politikari izan ziren larunbateko estreinaldian, baina ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi du ‘Gazta zati bat’ filmak.
Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen alde lan egin du Goierrin sortutako Nazioen Mundua herri ekimenak, azken urteetan. Taldeak hala eskatuta, ibilbide guztia film dokumental batean jaso du Jon Maia bertsolariak (Urretxu, 1972). Viktoria Eugenia Antzokiko emanaldi guztietarako sarrerak agortu dituzte, eta filmak ibilbide luzea izatea espero dute.
Larunbatean izan zenuten estreinaldia, zer azpimarratuko zenuke?
Lasaitu ederra hartu nuen estreinaldiarekin. Hiru urtetako lana edo bidaia izan delako, eta egun handi horren bezperan nahiko urduri geunden. Dena oso benetakoa izateko, apustu estilistikoa egin dugu; proiekzioa hasi zenean eta ikusi genuenean jendeak barre egiten zuela eta hunkitzen zela, izugarrizko poza eta lasaitasuna sentitu genuen. Gainera, bukaera oso hunkigarria izan zen.
Politikan zein kulturan izen handia duten pertsonak batzea lortu zenuten.
Horrexek berak jartzen ninduen urduri. Ikusmin handia sortu zen, sarrera guztiak agortu ziren… nik nahiago dut pixka bat umilago joan, eta gustuko badute, hor hasi dadila arrakasta. Dagoeneko dokumentalaren lehen lorpentzat jotzen dugu estreinaldiaren egunean hainbeste jende eta hain desberdina bildu izana. Erabakitze eskubidearen gaia guztiei planteatzea lorpen bat da.
Zein erantzun jaso zenuten?
Pentsatzen dut denetariko iritziak egongo direla, baina jaso ditugun guztiak onak izan dira. Proiekzioa bukatu zenean, hiru txaloaldi luze egon ziren, oso sentikorrak. Horrekin geratzen naiz. Egon dira zenbait kritika, batez ere kritika politikoa, dokumentalean ez direlako agertzen zenbait ahots, baina guk ahalegin guztiak egin ditugu beraien parte hartzea lortzeko. Pentsatzen dut erabakitze eskubidea onartzen ez dutelako ez dutela parte hartu nahi izan, eta zentzu horretan ezin dugu ezer ere egin.
Hala ere, PP eta PSOE ere berandu baino lehen hurbilduko direla uste duzue. Beste gazta zati bat egin beharko duzue?
Historiari bukaera bat eman diogu filmean, baina berez ez du etenik. Batez ere, dokumentalak etorkizunari begira jartzen gaitu. Etorkizun hurbil batean, eztabaida politikoaren ardatza erabakitze eskubidea izango da. Eskozian 2014an egingo duten erreferendumak ere erabakitze eskubidea puri-purian jarriko du. Ekidin ezina izango da eztabaida horretan parte hartzea; orain horretaz hitz egin nahi ez dutenentzat ere. Agian filmaren bigarren zati batean agertu beharko dira.
Nola definituko zenuke Gazta zati bat?
Istorio bat da, eta istorio baten bidez, mezu bat bidaltzen dugu. Ez da ez kronika politiko bat, ez kazetaritza lan bat, ez pelikula bat ere, baina hiruetatik du. Kaleko jendearen historia da, beraien ibilbidea, eta beraien sentimenduak eta borondatea islatzen ditu, gizartea egoera sanoago batera eramateko eta demokrazia handitzeko. Nik uste dut egin daitekeen gauzarik ederrena dela jende arruntari hitza ematea; beraiek dira protagonistak.
Nazioen Munduak-eko kideak hurbildu ziren zuregana dokumentala egiteko. Zer nolako esperientzia izan da zuretzako?
Lan harremana baino gehiago, lagunen artekoa bihurtu da. Oso garrantzitsua da halako proiektu batean, beraiek sinistea egiten dutena ongi dagoela, eta beraietako bat sentitzea. Enkarguzko lan bat izan da, baina enkarguzko lan asko egiten ditugun bezala egin izan banu, soldata batengatik, esan dezagun, ez luke arima hori edukiko. Niretzako esperientzia oso polita eta aberasgarria izan da. Hasieran, gogo gehiegirik gabe hartu nuen, eta orain oso harro sentitzen naiz, baliagarria izan daitekeen zerbaitetan parte hartu ahal izan dudalako.
Asko ikasi duzu?
Bai, asko ikasi dut. Jende garrantzitsuarekin egon garen arren, batez ere nire moduko jendearengandik ikasi dut. Helburuaren bila zuzenean jotzen dute.
Orain zein bide jarraituko du filmak?
Gure helburu nagusia filma ahalik eta jende gehienak ikustea da, mezua iristarazteko. Maiatzean Euskal Herriko herri eta hiriburu guztietara zabaltzen hasiko gara. Genevako eta Eskoziako zinemaldi banatan ere izango gara, kanpoan ere ulertzeko egina baitago.