Kataluniako atez ateko ereduaren berri izan dute Bilduko zinegotziek
Argentona Katalunian dagoen 12.000 biztanle inguruko herria da eta zaborra atez ate biltzen dute. 2004ko ekainean ezarri zuten sistema hori eta astebetean birziklapen kopurua %15etik %50era igaro zen. Ahalegin txiki batekin hondakin kopurua handia bereiz daitekeela azpimarratu du Argentonan zinegotzi izandako Assumpta Bobak. Lehenengoetarikoak bai, baina aitzindariak ez zirela izan onartu du kataluniarrak. Hainbat herritan 2000tik daramate atez atekoarekin. Urteotako bilakaeraren berri emateko hurbildu zen atzo goizean udaletxera Assumpta Boba. Udal talde guztietako ordezkariak gonbidatu zituen Gipuzkoako errauste plantaren aurkako plataformak Kataluniako zinegotzi ohiarekin elkartzera; Bildukoak izan ezik, gainontzeko udal taldeetako ordezkariek ez zutela bileran parte hartu zehaztu dute plataformako kideek.
Bilduko zinegotziek Kataluniako ehundik gora herrietan urteotan emandako pausoen berri izan zuten. Egun, Parte Zaharrean bizi duten egoera ikusita, bertan atez atekoa «berehala» ezar zitekeela uste du Bobak. Egin beharreko ahalegin bakarra zabor organikoa bereiztea litzatekeela eta zaborra uzteko egutegi bat zehaztea, dio. Ingurune lau nahiz malkartsua izan, atez atekoa udalerri bakoitzaren beharretara egoki daitekeela aditzera eman du Argentonakoak.
Herri bakoitzaren beharretara egoki daitekeen arren, aho bateko adostasuna lortzea «oso zaila» dela jakinarazi du. Horregatik, behin sistema ezarrita indar egiten jarraitu behar dela azaldu du. Era berean, bereizi nahi ez eta zaborra beste herri batzuetan botatzen duen jendea Argentonan ere egon badagoela erantsi du.
Adostasun politikoa
Gipuzkoan, baina, Herrialde Katalanetan ez bezala, gatazka politikoak zaborrari irtenbide bat bilatzea zaildu duela adierazi du Assumpta Bobak. Argentonako udalean atez atekoarekin aurrera egiteko erabakiak ia gehiengo osoz egin zuen aurrera; 17 zinegotzitik 16k egin zutelako sistema horren alde. Garai hartan, sozialistek, Esquerra Republicanakoek eta Kataluniaren Aldeko Ekimeneko zinegotziek osatutako koalizioa zegoen Argentonan agintzen. Ondoren, independentistek eta Convergencia i Uniokoek hartu zuten aginte makila eta atez atekoak aurrera jarraitu du.
Zaborraren arazoari irtenbide bat bilatzeko beharra gatazka politikoaren gainetik egon beharko lukeela zehaztu du Argentonako zinegotzi ohiak.
Ituna ez berritzeko erabakia «xantaia» dela dio Kepa Olaizek
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du aldundiak ez duela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lurraldeko hondakinak jasotzeko duen ituna berrituko. Ekainaren 12an amaitzen den itunean, bi diputazioek Gipuzkoako 25.000 tona hondakin Bizkaiak urtero hartuko zituela adostu zuten. Ituna ez berritzea «xantaia» dela adierazi du Gipuzkoako errauste plantaren aurkako plataformako kideak, Kepa Olaizek. Gipuzkoak hondakinak nola kudeatu erabakitzen duen bitartean «itxaron» beharko luketela uste du.
Lurraldean errauste planta eztabaidagai dela hamar urte igaro direla eta bitarte horretan Bizkaiko diputazioko alderdikideak ez zirela «ezer» egiteko gai izan salatu du.


