Zahartzaroaren ikerketa zentroa Lugaritzen koka daitekeela proposatu du PPk
2011ko ekainean bertan behera utzi zituzten zahartzaroaren berrikuntza gunea egiteko lanak
Zahartzeari buruzko Espainiako Ikerketa Zentroa egiteko protokoloa sinatu zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak iazko uztaila bukaeran. Protokolo hori kolokan zegoela ohartarazi zuen PSE-EEk. PPko bozeramaile Ramon Gomezek, ordea, Espainiako Gobernuak protokolo hori bere horretan mantentzeko asmoa duela agindu du. Hala berretsi ahal izan zuen, behinik behin, bozeramaileak orain gutxi Espainiako Gobernuko lehiakortasun idazkariarekin egindako bileran.
Ikerketa zentroa Miramonen egitea proposatu zuten. Ramon Gomezek, ordea, zentro hori eta Lugaritzen 2010eko urte bukaeran egiten hasi ziren berrikuntza gunea eraikin berean bateratzea proposatu du. Krisiaren ondorioz, berrikuntza gunea eraikitzeko lanak bertan behera utzi zituzten 2011ko ekainean. Alternatiba horrek bi proiektuak susper ditzakeela adierazi du PPko bozeramaileak. Lugaritzeko eraikin hori egiteko Espainiako gobernuak, besteak beste, 4 milioi euro bideratu zituen. Egindako inbertsoa hezurretan dagoen eraikin batera ez mugatzea nahiko luke.


