Hiru donostiarrek parte hartuko dute mendiko eski probarik gogorrenean
Agustin Zulueta, Nacho Morales eta Angel Olaso Suitzako Patrouille des Glacieres proban hasiko dira lehian gaur gauean
Suitzako Alpeetan daude Agustin Zulueta, Nacho Morales eta Angel Olaso donostiarrak. Munduko mendiko eski probarik gogorrenean parte hartzeko prest daude hirurak. Patrouille des Glacieres izena du probak, eta mendiko eski zaleen artean ospe handia du. Bi urtean behin egiten da proba hau, apirilean. Munduko 30 herrialdetako 1.451 taldek parte hartuko dute, eta horiekin batera lehiatuko da hirukote donostiarra. Gaur gauean hasiko dira lehian, 23:00etan. Zermatt-etik abiatuko dira eta Verbier izango dute helmuga. 53 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, gauez. Iluntasuna eta hotza izango dira kirolarien etsai nagusiak. Gehienez 18 ordu izango dituzte proba amaitzeko. Arriskutsua da Patrouille des Glacieres. Proba batean parte hartzaile batzuk hil egin ziren, eta bertan behera utzi zuten. Denborarekin, ordea, berriz berreskuratzea lortu zuten.
Soilik goi mailako mendizaleek eta kirolariek dute proba honetan parte hartzeko aukera, eta gogor entrenatu behar dute. Astean 20 orduz entrenatu dira donostiarrak. Suitzara iritsi baino lehen beste mendiko eski probetan izan dira. Pirinioetako Altotoy proban, esaterako.
Jatorria, Bigarren Mundu Gerra
Patrouille des Glacieres probak Bigarren Mundu Gerran du jatorria. Gauez, Suitzako militarrek mugak babesteko guardiak egiten zituzten eta ibilbide bera egin ohi zuten. Gerra bukatu zenean mendiko eski proba bihurtu zuten. Hasieran, baina, soilik militarrentzako proba zen. Egun, ordea, militarrek zein kirolariek parte hartu dezakete.
*Bideoan, Pirinioetako Altitoy proba. Suitzarako entrenamendua izan zen donostiarrentzat.