Sahararren egoera eta 1936ko gerraren ondorioak jaso dituzte Giza Eskubideen Zinemaldian
Alvaro Longoriak eta Manuel H. Martinek euren film dokumentalak aurkeztu dituzte Donostian
Giza Eskubideen Zinemaldiak aurrera darrai, eta beste bi film dokumentalen berri eman zuten atzo goizean, sortzaileek beraiek. Hijos de las Nubes filmak Mendebaldeko Saharako egoera salatu du, eta 30 años de oscuridad lanak, berriz, 1936ko gerra osteak utzitako ondorioetako bat azaleratu du.
Lau urtez sahararren errefuxiatu kanpamenduan bizitakoa kontatzea erabaki du Javier Bardem aktoreak, Alvaro Longoria zuzendariaren laguntzarekin, Hijos de las nubes filmearen bidez. Sahararrek bizi duten egoera latzean Espainiako politikariek duten ardura erakutsi nahi dute dokumentalaren bidez; eta gainera, herritarrek ere laguntzeko badutela zer egin zabaldu nahi dute. Zehazki, 1975ean utzi zion Mendebaldeko Saharak Espainiako Kolonia izateari, eta orduan, Marokok bereganatu zuen lurraldea, bertakoen gogoz kontra. «Inor ez da sahararren egoeraz arduratzen», aipatu zuen Longoria zuzendariak.
Maiatzaren 18an zabalduko dute filma zinematara, eta irabazi guztiak Mendebaldeko Saharako haurrei laguntzeko erabiliko dituzte. Giza Eskubideen Zinemaldian filma ikusteko aukera izango da gaur, 19:00etan.
Etxean preso
30 años de oscuridad filmak denboran zertxobait atzera egin du, 1936ko gerra bukatu ostean gertatu zena kontatzeko. Manuel Cortes andaluziarrak ez zuen Espainiatik ihes egiteko aukerarik izan. Francoren aurka borrokatu ostean, etxera itzultzea lortu zuen, gau batean. Emazteak, Julianak, ohartarazi zion herrian gerran aritutako gizon asko fusilatzen ari zirela. Beraz, bien artean zulo bat egin zuten euren etxean bertan, gizona ezkutatzeko. Cortesi, ordea, sekula ez zitzaion burutik pasako leku hura berak eraikitako kartzela izango zela ondorengo 30 urteetan. Benetako gertakizun batean oinarritua dago marrazki dokumentala, eta egileek badakite halako kasu gehiago ere egon zirela. Gerraosteko satorrak deitu izan diete; errepresiotik ihes egiteko, bizitza osoa sakrifikatu behar izan baitzuten.
Manuel H. Martin da filmeko zuzendaria, eta gertakizunaren berri izatean, harrituta geratu zela onartu zuen: «Ezin nuen sinetsi halako gertaera bat sekula ez zenik ikus-entzunezko formatura pasa. Historian galdutako gertaerak dira». Filmaren proiekzioa atzo arratsaldean egin zuten, eta zinemetara eramateko asmoa ere badute.