Jon Zubillaga eta Yon Txoperena, Lemoako futbolari donostiarrak (Argazkia: Mikel Goñi)
Jon Zubillaga (Aiete, 1986) eta Yon Txoperena (Trintxerpe, 1985) Bizkaiko Lemoa futbol taldeko jokalariak dira. Bigarren B Mailan jokatzen dute eta 2011-2012 denboraldia gogorra izaten ari da bi jokalari donostiarrentzat, taldeko gainontzeko guztientzat bezalaxe. Izan ere, klubak ez du bere hitza bete, eta soldatarik kobratu gabe dago talde guztia denboraldi hasieratik. Horrek guztiak eragina izan du taldeko giroan eta emaitzetan, eta Liga bukatzeko hiru jardunaldi geratzen diren arren, Lemoa Hirugarren Mailari begira dago jada. “Hasieran itxura ona zuen, baina urrian klubaren diru arazoen inguruko zurrumurruak hasi ziren”, dio Yon Txoperenak. Kontu guztiaren berri zehatzagoa jaso du IRUTXULOKO HITZAK Zubillagaren eta Txoperenaren ahotik, eta biharko zenbakian elkarrizketa zabala argitaratuko du.