1997ko uholdeak ahazteko lanak egin dituzte Añorgan
Ibilbide berria abuztu ala iraila aldean bukatuko dutela kalkulatu dute Uraren Euskal Agentziako arduradunek
Lehen, ibaiaren %15 besterik ez zegoen agerian; orain, %77
«Ibaiek bere lekua behar dute eta hirigintza egitasmo berrietan integratzea beharrezkoa da», dio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Ur sailburuak, Pilar Unzaluk. Añorga zeharkatzen duen Gorga ibaiak, bada, orain arte galduta zuen presentzia eta nagusitasuna berreskuratu du azken lau urteetan egin dituzten lanen ondorioz. Abuztu ala irailetik aurrera, lanak bukatutakoan, Gorga ibaiko urak harro igaroko dira Añorgako bazterretatik. Eusko Jaurlaritzako Uraren Euskal Agentzia arduratu da ibaia zabaltzeaz, eta 21,7 milioi euroko inbertsioa egin dute.
Ur zikinak, bereizita
2008ko abenduan abiarazi zituzten lanek 1997ko ekainaren 1ean izandako uholdeak historiako azkenak bilakatu nahi dituzte. Orain arteko ubidearen zabalera ez zen behar bezain handia, eta ibilbidea handitu eta itxuraldatzea beharrezkotzat jo zuten.
Lanak hasi aurretik, ibaiko urarekin batera, euriak eta enpresa nahiz etxebizitzetatik iristen ziren urek elkarrekin egiten zuten Tximistarrirako bidea. Ia lau urteko aldaketa prozesuaren ondoren, ur zikinak eta ibaiko nahiz euriak botatako urak bereizi dituzte. Honela, ur zikinak ibaiaren ezkerraldean eraiki duten 0,4 metro diametroko hoditik joango dira. Orain, zuzenean Tximistarrira joan beharrean, Loiolako araztegira bideratuko dituzte, gainera.
Añorgak eta ibaiak izan duten eraldaketa begibistakoa da. Lehen, ibaiaren %15 besterik ez bazegoen agerian, orain, ibilbidearen %77 doa atari zabalean. Ibaia orain arte ikusi ez zitezkeen animalia eta landare ugariren bizitoki bilakatuko dela azpimarratu du Iñaki Atxukarro Lurralde Plangintza eta Ur sailburuordeak.
Lanek, halere, ibai bazterrean zegoen harizti bati eragin diote. Sortutako kaltea arindu eta inguruari itxura eragarkarriagoa emateko 8.900 zuhaitz landatu dituzte ibilbide osoan. Bota ez dutena Azurmendi familiak Rezola lantokian 1952an landatu zuen magnolia da. 60 urteko zuhaitzaren bizitzarekin bat-batean ez amaitzeko, Rezola museoaren ondoan birlandatu zuten 2010eko abenduaren 16an.
Zuhaitzek ez ezik, bizilagunek ere pairatu dituzte lanek sortutako endredoak; lan horiekin gutxi ez eta aldi berean EuskoTreneko bideak bikoizten aritu direlako.
Ubidean lanean ari diren makinak, baina, abuztu, iraila aldean alde egingo dute, 2.550 metroko ibilbide berria garbi utziko dute orduan. Rezola fabrika pareko 120 metro, ordea, aldatu gabe geratuko dira, aurrez bertan dauden etxeak bota behar dituztelako. Etxeak botatzeko bi urte igaroko direla kalkulatu dute.
Ekainean bilduko da Urumearen alde lanean ari den erakunde batzordea
Añorgan uholdeak ekiditeko egin diren azpiegitura lanak aurrera ateratzeko erakunde arteko elkarlana beharrezkoa izan dela azpimarratu du Iñaki Atxukarro Lurralde Plangintza eta Ur sailburuordeak. Loiola eta Martutenen uholdeak bizilagunen buruhauste bihur ez daitezen, erakunde batzordea osatu dute eta ekainean elkartzeko asmoa dute. Aurrez, bilera tekniko batzuk egiten ari dira eta bihar egingo dute hurrengoa udaletxean. «Egin behar diren obren inguruan hitz egingo dute eta programazioa zehaztuko dute», azaldu du.
Urumeako egoera konpontzeko egin beharreko 16-18 lanen zerrenda osatuta dago. Lehenbailehen egin beharreko horiek zehaztu behar direla gaineratu du Atxukarrok. «2013an zeintzuk has daitezkeen, zeintzuk 2014an» planifikazioa eginda, Uraren Euskal Agentziak beharrezkoa izango litzatekeen dirua bideratuko luke eta udalek lanak egin ahal izateko orubeak prestatuko lituzkete.
Urumean egin beharreko lanen artean, Jaurlaritzaren lehentasuna Martuteneko zubia aldatzea eta eremu horretan ubidea zabaltzea da. «Horrek etxebizitza eta enpresei eragingo die; hortaz, ez da obra makala izango», azaldu du Iñaki Atxukarro sailburuordeak.