Autobus geltokiaz eztabaidatuko dute bihar

Francesc Robuste Anton garraio katedradunak hitzaldia emango du Koldo Mitxelenan Autobus geltokiaren kokapenaren eztabaidak pil-pilean jarraitzen du eta Loiolako Erriberan eraikitzea aukerarik onena dela uste duen Riberas De Libro De Texto taldeak jardunaldia antolatu du bihar, 11:00etan, Koldo Mitxelena kulturunean.

Ikuspegi orokor nahiz lokal batetik jorratu nahi dute mugikortasuna. Horretarako, hitzaldi bat eta mahai inguru bat antolatu dute nahi duenak autobus geltokiaren inguruko gogoeta egin dezan.

Intermodalitatea zer den hobeto ulertzeko Riberas De Libro De Texto taldeak Francesc Robuste Anton garraio katedraduna gonbidatu dute hitzaldi bat emateko. Robuste CENIT zentroko zuzendaria eta Espainiako Garraio Ingeniaritza Foroko presidentea da. Kokapen batek zein besteak izan ditzaketen argi-ilunak mahai gainean jartzen lagun dezakeela uste dute Riberas De Libro De Textoko kideek.

Kontzeptu orokorragoetatik konkretuagoetara igarotzeko, 11:00etan hasiko den hitzaldiaren ondoren, mahai inguru bat prestatuko dute 12:15etan. Hiru adituk hartuko dute parte: Alfonso Vazquez Donostiako Udaleko Herri Lan eta Proiektu saileko zuzendariak, Mikel Iriondo hirigintza teknikari eta aholkulariak eta Adolfo Lumbreras Gipuzkoako Burdinbidearen Lagunen Elkarteko zuzendariak. Jardunaldiak eta hizlariek plazaratuko dituzten argudioak ahalik eta herritar gehienengana irits dadin, komunikabideetako ordezkariekin elkartuko dira jardunaldia hasi aurretik.

HITZAkide HITZAkide