Gernikaren bonbardaketa gogoraraziko dute
Kukai dantza taldeak ‘1937:gogoaren bidezidorretatik’ ikuskizunaren zati bat eskainiko du gaur
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena da gaur, eta San Telmo Museoak bat egin nahi du gertakari horren oroitzapenarekin. Hori dela eta, gaur, osteguna, 20:30ean, Kukai dantza konpainiak 1937: gogoaren bidezidorretatik ikuskizunaren ordu erdi inguruko zatia eskainiko du museoko elizan. Ikuskizuna ikusteko sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete bitartean.
Kukai dantza taldearen eta Tanttaka antzerki konpainiaren ekoizpena da ikuskizuna, eta gerratik ihes egin behar izan zuten haurrei buruzko kontakizuna da. Dantza garaikidea eta dantza folkloriko tradizionala uztartzen ditu, ikusentzunezko baliabideez lagunduta.
1937ko maiatzaren 7an Euskal Herriko milaka haurrek erbesteratu egin behar izan zuten. Haur horien artean, zazpiren bizipenak aukeratu dituzte ikuskizunerako. Bertan, Juan Mari Beltran donostiarraren Arditurri diskoko doinu poetikoak erabiliko dituzte.