Historia oroitu, eta bisita gogoratu
Realak museorako eta Anoeta estadiorako bisiten prezioa murriztu du asten honetan; bazkideentzat doakoak dira.
Realarentzat urteurrenez beteriko astea izaten ari da oraingoa. Oroitzeko data horiek nabarmentzeko Real 100 Museoa eta Anoetako estadioa bertatik bertara ikusteko aukera merketu dute. Bisita hauen bidez, hiriko futbol taldearen historia eta partidak jokatzen dituen azpiegitura ezagut daiteke. Atzo bete ziren 30 urte Realak azken Liga txapelketa irabazi zuenetik. Astelehenean, berriz, Puertollanoko (Gaztela-Mantxa, Espainia) balentriaren 45 urte bete ziren. 1967an izan zen eta Lehen Mailara igo ziren. Bi mugarri hauek, eta baita 1981.ean irabazitako lehen Liga oroitzeko ekimen berezia antolatu dute: bazkideek doako sarrera izango dute Real 100 Museora eta baita Anoeta estadiorako bisita gidatura.
Beste pertsonek, berriz, ohi baino prezio merkeagoan egin ahal izango dituzte ikustaldiak, bi eurotan museoa; eta euro bat gehiagoren truke zelaia, aldagelak eta estadioaren bestelako barruko aldeak ikusi eta ukitu ahal izango dituzte bisitariek. Asteburuan, ordea, ezin izango da estadioa barrutik ikusi, Realak larunbatean jokatuko duelako Santanderreko Racing-en kontra.
Oroigarri historikoen berri izateaz gain, doako bisiten jakitun ziren Astigarragako Ricardo Amil, Jose Carrasco eta Laura Jimenez; hirurak Realeko bazkideak. Astean zehar joan zirenez, den-dena ikusi ahal izan zuten.
Ondarreta, Atotxa I, Atotxa II eta Anoeta izena duten museoaren guneetan historiaren tarte bana kontatzen duten ikus-entzunezkoak dira. Baina, Realak irabazitako trofeoek, Iribarrek eta Kortabarriak 1967 Atotxan atera zuten ikurrinak, eta beste hamaika kontuk ere tartea dute Anoetako oroilekuan.
«Etxolarik kaskarrena»
Carrascok zelaia bera ezagutzen zuen, kontzerturen batean-edo ikusia baitzuen. «Nik ezagutu nahi nituenak aldagela eta barruko korridoreak ziren».
Primeran pasatu zuten Harrobi taldeko kideek, eta txantxa artean jokalarientzat gordetako tokiak ezagutu zituzten. Carrascok Amili barrezka esandakoaren arabera, «izerdi usain gutxi» zegoen txuri-urdinek arropak aldatzen dituzten tokian.
Estadioaren nondik norakoak kontatzen dituen bideo laburra ikusi zuten prentsa aretoan. Bertan ez zuten jokalariek betetzen duen eserlekua probatzeko, eta argazkiak ateratzeko, aukera galdu. Gauza bera egin zuten zelaiaren ondoko aulkian. Azkeneko honek ere bisitarien esana eragin zuen. «Gezurra dirudi estadio honetan Lehen Mailako etxolarik kaskarrena egoteak».
Museora itzulita bukatu zuten bisita hiru bazkideek. Baina bertatik irten baino lehenago, 1981eko eta 1982 Liga txapelketetako trofeoen aurrean egin zuten beste argazki txanda bat. Primerako zaleak izanik, ezbairik gabe gogoratuko duten unea izan zen; behintzat, hurrengoa irabazi arte.



