Igeldoko Gaztiek urtebetetze festa egingo dute larunbatean

Igeldoko gazte asanbladako kideek bertakoen aisia aukera eskasak ugaritzen daramaten denbora ospatzeko, jaia egingo dute etzi.

Igeldoko gazte asanbladako hainbat kide. (Argazkia: Igeldoko Gaztiak)

Gazteek Igeldon zuten aisia aukera urriak kezkatuta, duela urtebete sortu zuten Igeldoko Gaztiak gazte asanblada. Urte honetan egindako lana, igeldotarrekin, bereziki, eta bertaratzen diren guztiekin ospatuko dute etzi egingo duten urtemuga jaian. Igeldon gazteentzat elkartzeko gunerik eta aisia aukerarik ez zela eta, bospasei lagun elkartu ziren 2010eko eguberritan. “Modu informalean hasi ginen. Gazteak elkartzen ez ginela, koadrilak bananduta zeudela eta egoera ona ez zela ikusi genuen”, ekarri du gogora Aratz Urruzmendik. Ondorio hori aterata, gazte gehiagorekin hitz egin zuten, eta uste berekoak zirela jabetu ziren. Zerbait egin behar zela sinetsita, bi hilabete geroago, batzar orokorra deitu zuten gazte asanbladaren izaera zehazteko. “Aisialdi eskaintzarik ez dugunez, alternatibak martxan jartzeko hautua egin genuen, eta gazte igeldotarron arteko harremana bultzatzea ere erabaki genuen”, argitu du Urruzmendik. Hori izan zen Igeldoko Gaztiak gazte asanbladaren sorrera, eta ordutik, hamaika ekimen egin dituzte: film alternatiboen emanaldia, gazte egunak, inauteriak, hitzaldiak, mendi irteerak, kontzertuak, bazkariak… Pasa den udaran, beste batzar bat egin zuten taldearen baloreak zehazteko. “Euskaldunak, parekideak, parte hartzaileak… bezala definitu genuen gure burua”, zehaztu du asanbladako kideak. Horien ildotik lan egiteko lau talde osatu zituzten: Aisialdia, natura, genero berdintasuna eta ondare kulturala, Euskal Herrikoa nahiz Igeldokoa. Taldea forma hartzen doa, eta gazte lokalaren eraberritzeak bultzada emango diola uste du Urruzmendik. “Faltan botatzen dugu gazte guztiok elkartzeko tokia izatea. Lokala nahiko gaizki dago, eta egokitze lanak egin behar dira”. Sei hilabete daramatza itxita, eta hori konpontzeko proiektua prestatzen ari dira. Osatzean, herri kontseiluari aurkeztuko diote berriro ireki dezan. Otsaileko urteurrena, apirilean Lehen urtea orain bi hilabete bete zuten, baina etzi ospatuko dute. “Horrelako egun bat antolatzeak lana dakar, eta otsailean nahiz martxoan beste gauza batzuk bagenituenez, apirilera atzeratu dugu”. Ospakizunak taldea are gehiago ezagutarazteko balio izatea espero dute. “Herriko gazteei, bereziki, eta igeldotar guztiei zabaldu nahi diegu jaia; adin desberdinetako herritarren arteko harremanak sendotzeko”, zehaztu du Urruzmendik. Horregatik, bertakoei zuzendutako goiza antolatu dute, eta Igeldoko koadrila nahiz talde guztiak gonbidatu dituzte paella lehiaketan parte hartzera. Arratsaldetik, berriz, beste auzo eta herrietakoak ere ongietorriak izango dira. Blaka, Itziarren semeak eta Bull DJaren emanaldiak girotuko dute gaua, gazte lokalean. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira, eta jaia goizalderaino luzatzea nahi dute. Sarrerak egunean bertan 3 eurotan salgai jarriko dituzte.
HITZAkide HITZAkide