Bete beharreko «edukiontzira» bisita

BCCko ikasle bat janaria prestatzen eta atzean Adria, Juan Mari Arzak sukaldaria, Jose Maria Aizega BCCko zuzendaria, Agustin Markaide Eroski taldeko zuzendaria eta beste ikasle bat. (Argazkia: Mikel Goñi)

Abian jarri zenetik, lehenengoz egon da Ferran Adria Basque Culinary Center izeneko Miramongo gastronomia ikastegian. Basque Culinary Center –BCC– abian ikusi nahi zuen Ferran Adria sukaldari katalanak. Hori dela eta, atzo egin zion eraikitze lanak bukatu ondorengo lehenengo bisita. Ikusitakoak gustura utzi bazuen ere, zeregin handia gelditzen dela esan zuen ikasle eta profesionalei emandako hitzaldian.

Gastronomia kritikariek munduko sukaldari onenetakotzat jotzen dute Adria, eta horregatik aukeratu zuten Basque Culinary Centerreko –BCC– Aholkularitza Kontseiluko lehendakari. Atzo argitu zuenez, katalanak BCCko zuzendari Jose Maria Aizeagari esan ziola «erabat abian egon arte» ez zuela ikusi nahi. «Akatsak fintzen hasi arte, alegia».

Hori dela eta, udazkenean abian jarritako eskolara udaberrian etorri da Adria, eta gustukoa izan du ikusi duena. Hala ere, oraindik zeregin handia dagoela uste du. «Edukiontzi zoragarria dugu hemen, eta orain bete beharra dago».

Hain zuzen ere, katalanak gidatzen duen kontseiluak BCC mundu osoan erreferentea bilakatuko den ikastegia izatea nahi du. «Hemen dago, eta hori ondo dago; baina, honek mundu osoarena behar du izan». Nahi hori betetzen den denborak esango du, baina, momentuz, Euskal Herritik ez ezik, besteak beste, Espainiatik, Errumaniatik eta Mexikotik ere Donostiara etortzen dira ikasleak. Hauekin hitz egiteko aukera izan zuen Adriak ikasgeletan barrena egindako txangotxoan.

Basque Culinary Centerreko ardo dastatze gela.

Basque Culinary Centerreko ardo dastatze gela. (Argazkia: Mikel Goñi)

Oinarrizkoa baino gehiago Beraien jatorriaz gain, sukaldaritzan aldez aurretiko eskarmentua ote zuten galdetu zien Adriak. BCCko ikasleen artean dagoeneko sukaldaritzan aritutako jendea behar dela adierazi zuen. «Oinarrizkoa ikastera etorriko ez dena; hau unibertsitatea da, garrantzitsua da hemen ikasleak gauetan elkartzea gastronomiaz hitz egiteko».

BCC puntako ikastegia izateko jaioa den arren, «apaltasuna» behar-beharrezkoa jo zuen Adriak, eta adibide gisa Txinara begiratzeko aholkua eman zien ikastegiaren arduradunei. «Herri horretan 30 edo 35 milioi jatetxe daude».

Katalanak datu hori aipatu zuen arren, gertuagoko sukaldaritzaren ondarea gordetzeko deia egin zuen. Hori horrela, Cocinando Nuestros Sabores lehiaketaren berri eman zuen. Autonomia erkidego guztietako sukaldariek parte hartu ahal izango duteBCCk antolatutako lehiaketan, beti ere, errezeta edo produktu tradizional batekin egiten badute. Informazio gehiago dago Cocinandonuestrossabores.net webgunean. <

HITZAkide HITZAkide