Ikusleek Paco Larrañaga presoari buruzko dokumentala saritu dute
‘Rindete mañana (Give up tomorrow)’ film luzeak lortu du puntuaziorik altuena. Gaur bukatuko da X. Giza Eskubideen Zinemaldia, Iciar Bollainen ‘Tambien la lluvia’ filmarekin
AEBetako Michael Collins zuzendariaren Rindete mañana (Give up tomorrow) filmak eskuratu du film luze onenaren saria. Ikusleek puntuaziorik altuena eman diote: 9,32. Sail Ofizialean lehiatzen ziren beste 13 filmeen artean gailendu da Paco Larrañaga presoaren kasua kontatzen duen dokumentala. Larrañaga egun Martuteneko kartzelan dago preso, eta baimen berezia lortu zuen estreinaldiaren emanaldira joan ahal izateko eta ikusleekin solasaldia egin ahal izateko. 19 urte zituenean bi neska gazteren hilketa leporatu zioten eta kartzelan sartu zuten. Dokumentala hilketa kasu baten kronika eta ustelkeriazko sistema baten erretratua da aldi berean. Paco Larrañaga da filmaren arretagunea, eta poliziaren ikerketa bat eta epaiketa bat kontatzen dizkigu, zeharo kafkiarrak eta zirku mediatiko izugarri batez inguratuta. Baina famili drama bat ere bada, hamabost urte baino gehiago honetan dihardutenena: mutil gazte bat exekutatu edo salbatu.
Jon Maiaren Gazta zati bat. A piece of cheese, filma lehiakide gogorra izan da. Bigarren geratu da puntuazio sailkapenean, 9,19 punturekin. Amnesty Internationalek, berriz, Vol Special filma saritu du, Suitzako etorkinen inguruko dokumentala da. Fernand Melgarrek, asilo bila Suitzara etorri berri zirenen bizi-baldintzak jasotzen zituen La forteresse (2008) filmaren ondoren, etorkin ugariren bidaiaren amaiera kontatzen digu hemen. Herrialdetik behin betiko egotziak izateko zain, gizon ugari daude Frambois atxiloketa zentro administratiboan atxikita. Egin izan dituzten asilo eskaerak ezeztatu egin dizkiete eta egotzi egingo dituzte, haietako asko herrialdean urteak eman eta gero, zergak ordainduz eta familia bat osatuz. Zentroan bi urte gehienez egon daitezke atxilotuta, 1994ko legeriaren arabera. Denbora horretan, kartzela/egoitza horretako hormen artean daude, behin betiko noiz egotziko dituzten zain.