Oposizioak ez du uste Bildu zaborrak kudeatzeko gai denik
Gipuzkoak hondakinak nola kudeatuko dituen Bizkaiko diputazioak eta Jaurlaritzak ez dutela erabakiko dio Bilduk
Hondakin bilketaren eztabaida berriz ere mahai gainean jarri zuen PPko udal taldeak. Bere garaian, aurreko Gipuzkoako Foru Aldundiak adostutako Hondakinen Planari eusteko beharra agertu zuen Vicente Garcia PPko zinegotziak.
Bizkaiak Gipuzkoako zaborrak jasotzeko hitzartutako ituna bertan behera uzteko erabakiak egoera are gehiago korapilatzen duela esan zuen Garciak eta Bilduri bota zion errua: «Bilduren ikuskizuna tamalgarria da, irtenbiderik gabeko egoerara garamatza». Aldundiak oraindik zaborrak nola kudeatu nahi dituen ez duela argitu eta gipuzkoarrak «xantaia handi» batean murgildu dituztela kritikatu zuen.
EAJk, halaber, Bilduren jokabidearen kontra egin zuen. Alderdi guztien artean adostutako Hondakinen Planak zaborren kudeaketari aurre egiteko eman beharreko pausoak finkatzen zituela adierazi zuen. Hala, Bilduk «irtenbidea zuen egoera bat arazo» bilakatu duela kexu zen Iñaki Gurrutxaga zinegotzi jeltzalea.
Bilduk ez bezala, «oposizioak lehentasuna zerk duen eta bigarren mailako ardura zer den argi» duela jakinarazi du. Azken batean, Bilduri «zorroztasuna eta planifikazioa» falta zaiola azaldu zuen Iñaki Gurrutxaga zinegotziak.
Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak, bestetik, jeltzaleei dei zuzena egin zien: Bilduri –foru aurrekontua aurrera atera ahal izateko– eskainitako babesa bertan behera uzteko eskatu zuen. Bilduk oraindik alternatibarik ez duela aurkeztu eta prestatzen ere ez direla hasi gaineratu zuen Denis Itxasok. Arazoa, bien bitartean, «okertzen» ari dela zehaztu zuen, «zero hondakin sortzeko helburuak ezerezean» geratzen ari direlako, «Europatik iritsi behar zuten laguntzak ihes egiten» ari direlako eta Bizkaia eta Gaztelan ez dituztelako «Gipuzkoako zaborrak jaso nahi», aipatu zuen PSE-EEko zinegotziak, besteak beste.
Bost milioi euro
Nora Galparsoro Hiri Zerbitzuetako zinegotziak kritika zaparrada eten nahi izan zuen. Hondakin Plana egungo egoerari erantzuteko gai ez dela izan azaldu zuen. Zaborren kudeaketa «behar bezala ez egiteagatik» hiriak urtero bost milioi euro gastatzen dituela aditzera eman zuen Bilduko zinegotziak. Hondakin organikoen adibidea jarri zuen Galparsorok. «Egungo konpost plantak ez du jasotzen duen hondakin organiko guztia kudeatzeko aukerarik eskaintzen», jakinarazi zuen.
Bizkaiak, era berean, itunari ezetz esateko «arrazoi errealik ez» duela esan du. Honenbestez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako hondakinak nola kudeatu behar dituen ez duela erabakiko jakinarazi du.